"‘Indarra Trio’ hirukoteak ganbera-musika egiten du, ukitu herrikoi batekin”, esanez aurkezten dute euren taldea eta euren musika. Taldea lehenengo urratsak ematen ari da oraindik Buenos Aires hiriko agertokietan eta bihar Celta Bar-eko ‘Facundo Cabral’ aretoan joko du. ‘Indarra Hirukote’ak lotura handia du euskal kulturarekin; euskal izena izateaz gain, euskal errepertorioko pieza batzuk ere prestatzen ari baita bere ikuskizunean sartzeko.
Buenos Aires, Argentina. Rocio Espinosak (txelo), Sergio Martellottik (klarinetea) eta German Arriazuk (gitarra, eskusoinua eta pianoa) osatzen dute aurten bertan sortutako ‘Indarra Trio’ hirukotea. Taldeak ganbera-musika egiten du baina, Arriazuk azaltzen digunez, “gure herri sustraiak ahaztu gabe. Abesti gehienak nireak dira, baina omenaldi moduko batzuk ere egingo ditugu kontzertuetan, eta zati horretan miresten ditugun egileen musika ere joko dugu”.
Taldearen izenaz galdetuta, talde-erabakia izan dela esaten digu German Arriazuk. Erabakia denen artean hartu genuen, eta oso modu politean gainera. “Nire semetxoak ‘Indar Urdin’ du izena eta bera gure artean ibili ohi da entseatzen dugunean. Gainerako musikariei ‘Indar’ izena gustatu, eta ‘Indarra Trio’ jarri genion proiektuari. Izen honekin, gainera, adierazi nahi dugu zer musika mota egingo dugun; izan ere euskal musika ere sartuko baitugu gure errepertorioan, Aita Donostiaren pieza batzuk esaterako, eta nik neuk egindako zortziko bat”, azaltzen dio musikariak EuskalKultura.com-i.
Euskal izenaz haratago
Germanen semeak euskal izena, beraz, eta orain, bere laneko proiektuak ere bai. Baina bere lotura Euskal Herriarekin ez da izen soilean geratzen. “Nire birraitonak", diosku, "Julio Arriazu zuen izena eta nafarra zen, Murchanten jaioa. Bost urterekin etorri zen Argentinara, 1905ean. Gure familian beti goraipatu izan dute euskal kultura; euskara bereziki, nahiz eta hizkuntzaz erdaldunak ziren. Beti izan nuen hori gogoan; beti jakin nuen aurkitu behar nuela nire sendiaren barruan aipatzen zuten hizkuntza hori. Eta gertatu zen, behin, hemen, Buenos Airesen, Euskaltzaleak-ekin topa egin bainuen eta euskara entzun nuen lehen aldiz. Negargura sortu zitzaidan, hunkitu egin nintzen eta berehala ekin nion ikasteari. Gaur gauza naiz elkarrizketa bat segitzeko eta Indarri, semeari, euskaraz egiten diot”, aitortzen du.
-‘Indarra Hirukoteak’ Celta Bar-eko ‘Facundo Cabral’ aretoan joko du bihar, gaueko 9etan. Celta Bar Sarmiento kaleko 1702 zenbakian dago. Erreserbak egiteko 115 471 2308 telefonora deitu behar da. Taldea sare sozialetan ere badago, hala nola Facebooken ‘Indarra Trio’ kontuan. Hirukotearen hurrengo kontzertua HabitArte Kultur Gunean izango da, Buenos Aires hiriko San Telmo auzoan, uztailaren 14an.