euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gerald Hirigoyenen Piperade jatetxeak euskal ardo karta zabala dastatzeko aukera eskaintzen du San Franciscon

2008/05/13

San Franciscoko Piperade jatetxearen jangela
San Franciscoko Piperade jatetxearen jangela

PUBLIZITATEA

San Franciscoko Piperade jatetxea hiri estatubatuar honetako restaurant gomendagarrienen artean dago eta orain, bere ezaugarri nagusia den euskal gastronomiari euskal jatorridun ardo eskaintza zabala dastatzeko aukera gehitu dio. Emmanuel Kemiji Master Sommelier-ak prestatu duen ardo kartan dozena bat ardo txuri eta 40 ardo beltz baino gehiago biltzen dira, euskal ardoei dagokienez. Gerald Hirigoyen sukaldari lapurtarra da Piperadeko chef eta jabea, Basque sukaldaritzaren zabaltzailea AEB Mendebaldean eta, besteak beste, bere emazte amerikarrarekin batera, euskal gastronomia liburuen egilea ingelesez.
Gerald Hirigoyenen Piperade jatetxeak euskal jatorridun ardoen karta zabala osatu du, orain arte etxeko marka izan den euskal gastronomia San Franciscon ezagutzera ematen jarraitzeko asmoarekin. Proposamenak euskal ardoak --tartean Irulegikoak, Arabar Errioxakoak, Nafarroakoak eta txakolinak-- eta espainiar jatorrikoak --Errioxakoak, Riberas del Duerokoak, xuri kataluniarrak-- nabarmentzen ditu eta baita ere beste herrialde batzuetako euskal jatorridun edo izeneko ardogileek eginikoak. Hauetaz gain kartak beste kategoria batzuk ere biltzen ditu, hala nola Rhone Riders, the Sins (pekatuak) edo Bordelais Types adibidez, ardo frantses eta kaliforniarrak ere barne orotara 244 sarrera dituen zerrenda osatu baten baitan.

Euskal ardoa eta gastronomia biltzeko proposamen tentagarrienen artean Lynne Char Bennett kazetari espezialduak --The San Francisco Chronicle egunkariko gastronomia aditua da bera-, honako konbinazioa aukeratu eta aipatzen du joan den ostiralean argitara eman duen artikulu batean: 2004 urteko Herri Mina France Irouleguy Blanc --Irulegiko ardo txuria beraz-- bakailu porrusaldarekin edota piper gorri saltsan prestatutako itsaskiekin.

'Irouleguy hau Gros Manseng, Petit Corbu eta Petit Manseng mahatsen konbinazioa da', azaltzen du artikuluan. 'Ardoak gorputza du, lodia da. Bizitasuna du eta madari, sagar eta harri usain eta zaporeak. Garraztasun puntuak eta orekak oso konbinakor bihurtzen dute'. Bestalde, ez da gauza txarra gogora ekartzea Irulegiko ardoa dela Euskal Herri osoan, bere ardoetako gehienetan etiketa elebidunak --euskaraz eta frantsesez-- agertzen dituen jatorri-izendapen bakarra.

Piperade jatetxea
1015 Battery St. (at Green)
San Francisco, CA
Tel: (415) 391-2555


Lotura interesgarriak

Lynne Char Bennett-en artikulua The San Francisco Chronicle-n
Joan den ostiralean, maiatzak 9, argitara emana

Piperade jatetxea, San Francisco (Gerald Hirigoyen-ena)
www.piperade.com

Bocadillos jatetxea, San Francisco (Gerald Hirigoyen-ena)
www.bocasf.com

Iluna Basque jatetxea, San Francisco
www.ilunabasque.com

G. Hirigoyenen bi jatetxe San Franciscoko ehun onenen artean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko apirilaren 3an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia