euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduan zehar egindako euskal zinema astelehenetik aurrera ikusgai Caracaseko 'Zinevasco' jaialdian

2010/10/22

'Flores silvestres', Mikel Ardanaz iruinsemearen filma, Mozambiken egina, Caracasen izango da ikusgai
'Flores silvestres', Mikel Ardanaz iruinsemearen filma, Mozambiken egina, Caracasen izango da ikusgai

PUBLIZITATEA

Hirugarren urtez Zinevasco jaialdiak euskal zinemagileek Euskal Herrian (eta munduan) eginiko filme eta laburmetraia sorta bat erakutsiko du Caracas Venezuelako hiriburuan. Filmak Chacao Kultur Zentroan emango dituzte, astelehenean hasi eta azaroaren 3a bitartean. Jaialdiak "ekoiztetxe, zuzendari, gidoilari, aktore eta gaien ikuspegi txiki bat, euskal kultura zazpigarren artearen bitartez ezagutzeko" eskaintzen duela azaldu dio EuskalKultura.com-i zinemaldiko koordinatzaileak, Vicente Corostolak.

Caracas, Venezuela. Zinevasco jaialdia astelehenean abiatuko da Caracasen eta Venezuelan lehen aldiz ikusi ahal izango diren 20 laburmetraia eta beste 3 film luze eskainiko ditu. Emanaldi guztiak Chacao Kultur Zentroan izango dira, arratsaldeko zazpietan, sarrera doan.

Laburmetraien arloan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak sustatzen duten Kimuak programaren 2009 sorta izango du ikusgai, besteak beste. Programa horren helburua euskal laburmetraia onenak bildu eta munduko jaialdietan ezagutzera ematea da. 

Lo bakarrik eta Auzokoak

Laburmetraia sorta horretaz gain badira zuzendari eta ekoiztetxeek zuzenean jaialdi honetara bidalitako hainbat lan. Horietako bat da 'Lo Bakarrik', Iban del Campo arrasatearrarena, Amurrioko Begibistan 3. Zine Asteko Euskarazko Laburmetraia Onenaren irabazlea.

Aitor Aspe getxoztarrak, bere aldetik, 'Vecinos' dakar, Houston-go 4th WorldFest International Independent Film Festival jaialdiko Platinium Remi Award sariaren irabazlea. Lanak auzokoen loroa jaten duen txakur baten jabeen komeriak kontatzen ditu.

Erretirodunak eta western bat

Asier Iza hondarribiarrak Zinevascoren edizioa guztietan parte hartu du. Oraingoan Lacruaquet dakar besapean, egunak joan egunak etorri parkeko bankuan eserita bizi diren hiru erretirodunen istorio komiko eta aldi berean mingotsa. 

David Zabalak (Lekeitio) eta Paul Urkijok (Vitoria-Gasteiz) 'Cuchillo, Mc Gregor y el Vasco' western-a dakarte, Mexikoko mugako basamortuan topo egiten duten bidelapur bat, euskal artzain bat eta ordainsari bilatzaile baten istorioa.

Aitona bat Errege egunerako

Hugo Sanz donostiarrak bi lan aurkeztuko ditu: 'Adiós, muñeca' (saritua Gasteizen, Espainiako Carabanchelen, Suitzako Luganon eta Italiako Kimera Film Festival-en) eta 'Ya no voy a hablar más'. 

Azkenik, 'El nunca lo haría' da Anartz Zuazua donostiarraren proposamena. Laburmetraia honetan Laurak aitona bat eskatzen die Errege Magoei. Filmak Laburmetraia Onenaren saria irabazi du ACE sarietan, Medina del Campoko jaialdian, eta 32nd Montpellier Mediterranean Film Festival-eko Canal Plus France saria.

Georgia eta Mozambiketik

Luzemetraien arloan hiru film izango dira ikusgai, horietako bi euskal ekoiztetxeek Euskal Herritik milaka kilometrora eginikoak.

Gasteizko Kinoskopik ekoiztetxearen 'Ori' Georgian, Sobietar Batasunako parte zen Errepublika ohian, eginikoa da. Ori hitzak bi esan nahi du georgieraz; Nino eta Bega dira bikote hori, gudaren o¡hartzunen artean elkar aurkitzen duten bi gazte. Madrilgo Errealizadore Berrien Plataformaren jaialdiko Filme Onenaren saria, Alaska International Film Festival 2010-eko Epaimahaiaren Saria eta Festival International Cinéma Méditerranéen Tétouan-eko Lehen Lan Onenari saria jaso ditu. 2010eko Donostiako Zinemaldian izan da ikusgai.

Mikel Ardanaz iruinsemeak, aldiz, Mozambiken egin zuen 'Flores Silvestres' fikziozko bere lehen lana aurkezten du. Filmak IHES gaitza duen amaren bizitza antzerkiaren bidez salbatzen saiatzen den neska gaztearen bizitza erakusten du. Donostiako Tforma ekoiztetxeak egina da.

Mugaldekoak

Hirugarren filma Fernando Bernues (Donostia) eta Mireia Gabilondo (Bergara) zuzendarien 'Mugaldekoak' da, Tentazioa ekoiztetxearena. Filmak 40ko hamarkadan naziek okupatutako Frantziatik ihesi egiten zuten pilotu aliatuei muga igarotzen lagundu zieten Bidasoaldeko gizon-emakumeen eta Red Comete taldearen istorioa jasotzen du. Donostiako Zinemaldian izan zen ikusgai. 

Venezuelako euskal zinearen erakuslehio den zinemaldi honen koordinatzaile Vicente Corotolak lerro hauen aukera baliatu nahi izan du eskertzeko Kimuak programaren eta Tentazioa, Tforma, Konoskopik, Moztu eta Ronroneo Films ekoiztetxeen laguntza, baita ere "lanak eskaini dituzten zuzendarien borondatea eta Caracasen ateak ireki dizkiguten Chacao Kultur Zentroa, Gráficas Etxea, Anónimo Studio eta Guató" enpresen babesa.

-Informazio gehiago Zinevascoren webgunean eta, egunero, gure Agendan

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia