Euskal kultura zabaltzeko ekintza programa oparoa ari da garatzen General Villegasko euskal etxea bere egoitzan bertan eta Elordi herriko landa eskola batean. Joan den astean, ordea, etenaldia egin zuten Villegasko Euskaldunak instituzioko lagunek asteroko aktibitateetan ‘Ni una menos' (Ezta bat gutxiago ere) lelopean eta nazio mailan egin zen genero indarkeriaren kontrako manifestaldian parte hartzeko. Afixak euskaraz eta gaztelaniaz eraman zituzten.
Gral. Villegas, Argentina. Jendetsu baino jendetsuagoa izan zen joan den ekainaren 3an egin zen ‘Ni una menos (Ezta bat gutxiago ere)’ lelopeko martxa. Deialdi nagusia Buenos Aires hiriburuan izan zen baina Argentina osoko hainbat herritan batu ziren herritarrak plaza nagusietan euren aldarrikapenak entzunarazteko.
Buenos Aires probintziako Gral. Villegas hiria ez zen salbuespena izan eta jendetza elkartu zen plaza nagusian euren kartel eta pankartekin. Villegasko Euskaldunak euskal etxeak, beste hainbat erakundek bezala, deialdi berezia egin zuen eta kide ugari atera ziren plazara euskal instituzioaren izenean, ‘Aski da’ mezua eskuan.
Etxeko euskara irakaslea den Nieves Castillo Alzurik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Jende anitza bildu zen plazara; inoiz baino gehiago, hunkigarria izan zen benetan. Gure kartelak gaztelaniaz eta euskaraz zeuden, eta horregatik esker beroak luzatu nahi dizkiogu Marcela Calderon marrazkilariari bere irudia erabiltzeko baimena emateagatik”.
Euskara eta euskal kultura Elordin
Berri honekin batera, euskal etxeko irakasleak jakinarazi digu martxa onenean jarraitzen duela Gral. Villegas partiduko Elordi herriko landa eskolan euskal etxea ematen ari den tailerra. “Asteazkenero joaten gara Maria Zaton eta biok euskara eta euskal kulturari buruzko tailerrak ematera. Guztira 23 neska-mutiko dira eta dantzak, hitz batzuk euskaraz eta jolasak irakasten dizkiegu. Euskal gastronomia errezeta errazen bat irakasteko asmoa ere badugu. Gaur egun Elordin oso jende gutxi bizi da baina garai batean euskal etorkin asko bizi ziren. Horregatik egiten ari gara proiektua, bertako euskal sustraiak berreskuratzeko”.
Datozen hitzorduak
Jarduerak bata bestearen atzetik antolatzen dira euskal etxean urtean zehar eta agenda bete-beteta daukate villegastarrek datozen asteburuetarako. Ekainaren 13an, Diego Tellechea eta Maria Zaton sukaldariek euren sukaldaritza klasea emango dute. Ekainaren 20an, Banderaren Eguneko zeremonian hartuko dute parte eta kirol ekitaldi batean hiriko CeAT-ek (Arreta Goiztiarreko Zentroa) muntatuko duen taberna batean lagunduko dute.
Ekainaren 21ean, berriz, tripakiak prestatuko dira euskal etxean saltzeko eta ekainaren 26an hileroko afaria antolatuko da, euskal etxeko kideak lagun.