Gabi Navas eta Jose L. Matellan margolariek hartu zuren bere gain Gernika Plaza edertzeko ardura, eta murala ez ezik beste arte lan batzuk ere egingo dituzte “Gernika Plazaren berdegunea aisialdirako leku egoki bihurtu eta euskal kulturari agerikotasuna emateko helburuarekin”, adierazi digute Villegas’ko Euskaldunak Euskal Etxetik. Murala 120 metro koadro duen horma batean pintatzen ari dira artistak, hainbat euskal irudi tarteko, hala nola ikurrina, Gernikako Juntetxea, gudari bat edota euskal emakume bat.
Gral. Villegas, Argentina. Buenos Aires probintziako Gral. Villegasko Gernika Plazaren zaintza eta mantenimendua hiriko Euskal Etxearen ardurapean dago. Horrek esan nahi Euskal Etxeak egiten dituela lekua edertzeko berritze eta hobetze lanak. Xede horrekin, izan ere, Gabi Navas eta Jose L. Matellan artista plastikoei mural bat egiteko eskaera luzatu die Instituzioak. Artistek eta EEko Batzordeak elkarrekin izandako bilera batean muralaren zirriborroa adostu ahal izan zuten margolariek.
Navasek hiriko ‘Banderalo Noticias’ egunkariari azaldutakoari jarraituz, “Euskal Herriko historiaren elementu adierazgarri batzuk" pintatuko dituzte muralean, "hormaren goialdean gudari bat, ikurrina eskuan eta nolabaiteko jarrera 'garailean'; Ikurrinaren koloreek muraleko irudi guztiak ‘josiko’ dituzte". "Gernikako Juntetxea ere ikusi ahal izango da; Juntetxean Gernikako Arbola dago eta horren bidez iragana eta oraina elkartuko ditugu". "Euskal emakumea ere egongo da margolanean eta baita mendiak ere, Euskal Herriko paisaia adierazgarria”.
Murala 120 metro koadroko horma baten gainean margotuko da, enparantzaren alde batean, Destouches eta Cacique Pincen kaleetan, Euskal Etxearen egoitzatik metro gutxitara. Gogora dezagun Gernika Plazan Gernikako Haritzaren kimu bat dagoela, Villegas’ko Euskaldunak-ek 2008an landatuta.
Euskal Etxeko bazkide eta euskara irakasle den Nieves Castillo Alzurik azaldu digu enparantza oinentzako ibilbide baten aurrean dagoela eta jende ugari pasatzen dela bertatik. “Hori baliatu eta euskal kulturari agerikotasuna emateko asmoz ari gara lanean. Muralarena hasiera baino ez da; hornikuntza lanen artean eserlekuak eta argiak ere berrituko ditugu. Asmoa da berdegunea gizataldearen topagune ere bihurtzea”, adierazi du Euskara Munduan programan trebatutako irakasleak.
Muralarekin, maiatzaren 12 eta 13an ospatuko den Monumentu Nazionalen Egunari bere atxikimendua adieraziko dio Euskal Etxeak. Margolanen inaugurazio data oraindik finkatu ez den arren, maiatzean bertan egin ahal izatea espero dute kolektibitateko partaideek.