General Rodríguez, Argentina. Eusko Aterpea Euskal Etxeak 23. urteurrena ospatu zuen bazkari handi bat partekatuz bere egoitza sozialean. Bazkide eta lagun askok hartu zuten parte. eta gertu diren Lujan, Moreno, Pilar, Hurlingham, Mercedes eta José C. Paz herrietako euskal komunitateetako kideak ere gonbidatu eta bertaratu nahi izan zuten irailaren 4ean, bat egiteko euskal etxe rodrigueztarreko urtebetetze ospakizunarekin.
Jendez gainezka zegoen euskal etxeko aretoan Raúl Taretto, elkarteko lehendakari eta erreferente naturala, zeremonia-maisu gisa aritu zen. Ospakizuna ikurrina eta Argentinako banderaren sarrerarekin hasi zen, diasporako gazteei zuzendutako Gaztemundu programarako bertako 2022ko hautagaiak diren Analuz Etcheverryk eta Federico Etcheverryk eramanda. Ohiko agurra egin ondoren, bazkariari ekin zioten, ohi bezala errekia (txorizoa, oilaskoa eta behi errea) prestatzen Juan Itcea lehendakari ohia, Andres Itcea semea eta Jorge Etcheverry bezalako luxuzko 'errekigileak' lagun.
Euskal etxeko aretoa urtebetetzea ospatzeko bazkal orduan
Ezkerretik eskuinera, Jorge Etcheverry, Raul Taretto, Juan Itcea, Juan Carlos Echezarreta eta Andrés Itcea
Topa egiteko unean, Tarettok Eusko Aterpearen hastapenak ekarri zituen gogora, sustatzaile izan ziren Gladys Ayala eta Juan Itcearekin batera. Diasporaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eginez, lehendakariak hitzak izan zituen Euskal Herria utzi eta Argentinara emigratu zuten arbasoak gogoratzeko. Bertaratutakoei eskerrak eman zizkien, dantzariek Macachineko Euskal Aste Nazionalean parte hartuko zutela iragarri eta hurrengo ekitaldien berri eman zuen. Ilunabarrean, denek batera "zorionak zuri" abestu eta, elkarri osasun ona opatuz, kopak altxatu zituzten topa egiteko.