euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

General Rodriguez: gogotsu eta pozarren, Eusko Aterpeak gorazarrea bere sortzaileei EEaren zilarreko eztei festan

2024/09/13

Poza eta emozioa Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxearen 25. urteko ibilbidea ospatzeko kandelak itzaltzen
Poza eta emozioa Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxearen 25. urteko ibilbidea ospatzeko kandelak itzaltzen

PUBLIZITATEA

General Rodriguez, Argentina. Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpeak pozez eta lorpenez beteriko ibilbidea egin du bere lehenengo 25 urteetan; izan ditu baita ere, jakina, zailtasun, oztopo eta atsekabeak, eta aurrera egiten ikasi du, beti ere Euskal Herriko kultura landu eta ezagutaraztea helburu, Rodriguezeko gizartean leku bat hartuta. 25 urte ez dira gutxi eta irailaren 1ean, festa hunkigarria egin zuen ospatzeko, emozioak nagusi, eta bazkide eta lagunak bertan, baita herriko auzoak ere, eta Buenos Airesko euskal etxeetako eta herri bertako erakundeetako agintari eta erreferenteak ere.

Eusko Aterpea pozez agertu da une gozo eta samurren gainetik egindako 25 urteongatik. Bere izena ohoratzen duen egoitza ederra dauka, bertako euskal kultura eta euskaldunen aterpe

25 urteak ospatzea, Euskal Etxearen ametsa egia bihur zedin lehenengo urratsak eman zituztenak gogoratzea ere bada, eta gogoan izatea baita ere elkartetik pasa eta euren aletxoa jarri zutenak proiektua sustatu, eta gara eta hazi zedin. Espiritu horrekin, Eusko Aterpea-ren historia laburbiltzen duen bideo bat ere proiektatu zuten eta, ildo beretik, egun Euskal Herrian dagoen Eusko Aterpea-ko presidenteorde Ana Luz Etcheverry-ren mezua bildu zuten, baita Baionako Olentzeroren Lagunak elkarteko Aitzol Salaberria eta Battitt Daguerre-rena, Hazparneko Joaldunak elkarteko lagunena eta Comédia Productioneko Jean Philippe Viel eta Ellande Ithurbiderena ere, guztiak Euskal Herritik.

Lagunez inguratuta

Bere egoitza ospakizunerako apainduta, lunch goxoa eskaini zien Eusko Aterpeak bertaratutako 150 lagunei, plaka oroigarri bat desestali zuen eta bazkide sortzaileak omentzeko ekitaldia egin. Halaber, opari ugari jaso zituen Eusko Aterpeak bertaratu ziren elkarte lagunen eskutik. Buenos Airestik etorritako Oihankide Taldeko dantzariek, bertako dantzariekin batera, Agurra dantzatu zuten eta arratsaldea dantzekin girotu zuten. Zuzeneko musika Daniel “Jopo” Galfredoren hirukoteak jarri zuen, tartean zanbak, txakarerak, tangoak, bilbainadak eta euskal argentinar fusio txalotua.

 
Agurra, Eusko Aterpeako eta Oihankide Taldeko dantzarien eskutik

 
Eusko Aterpea EEko erreferente Raul Taretto euskal komunitateko elkarteen opariak jasotzen

 
Aitortza berezia Eusko Aterpea sortu zuten lehenengo kideei


Oihankide Taldea mahaian eta dantzari (ezkerren goian eta behean); Daniel “Jopo” Galfredoren hirukotea oholtzan; eta Denak Bateko lehendakari María José Oyharzabalekin

Kopak altxatu zituzten topa egiteko Eusko Aterpeko 25 urteak ospatzeko, besteak beste, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzako arlo instituzionaleko arduradun Mariana Satosteguik; FEVAko lehendakariorde Arantxa Anituak, idazkari exekutibo Miren Arozarenak eta Euskara arloko idazkari Gabriela Mendiak; Cañuelasko Denak Bateko lehendakari Maria Jose Oyharzabalek; José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko lehendakari Rodolfo Ugartemendiak; Buenos Airesko Euskaltzaleak-en FEVA aurreko ordezkari Virginia Goicoecheak; Gral. Rodríguez bertako 'Club de Leones' elkarteko presidente Oscar Cerasok, Suhiltzaile Bolondresen Elkarteko presidente Gerardo Fargak, 'Costumbres Nativas' elkarteko ordezkariak; eta bertako erakunde gehiagotako erreferenteek.

Zorionak Eusko Aterpea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia