General Belgrano, Argentina . Pozik daude Buenos Aires probintzian hiriburutik 162 kilometro hegoaldera dagoen General Belgrano herriko Gure Etxea Euskal Etxeko kideak. Eta ez da gutxiagorako, duela egun gutxi erdietsi baitute aspaldidanik amestutako euren egoitza. Bost urteko lanaren ostean, Udalak adeitasunez utzitako espazioetan jardun ondoren, elkarteak Euskal Etxearen egoitza izango den galpoi bat alokatu eta bere ekimenen egoitza eta prestaleku bilakatuko du..
1991ean sortua, Gure Etxeak jarduerarik gabeko aldi luze bat igaro zuen, 2017an euskal ondorengo talde batek elkartea berriro suspertzeko ardura hartu zuen arte. Orain, Dorrego kaleko 631. zenbakiko lokala alokatzeko erabakiarekin, beste urrats handi bat eman dute. Eta lekua egokitzeko lana dagokie. Zenbait berrikuntza, konponketa, margotze eta apainketa egin beharko dituzte. "Berez gurea ez bada ere, gurea bezala sentitu nahi dugu", azaldu dio EuskalKultura.eus-i EEko lehendakari Sonia Etchelet-ek.
Kantina Inauteri eta Udako Jaialdietan
Joan den larunbat eta igandean Gure Etxea-ko kantinak arrakasta handiz parte hartu zuen inauterietako ospakizunetan, janaria eta artisau garagardoa eskainiz euren saltokian. Horrekin batera gogor segitu dute herriko 'Alfonsina Storni' 16 zenbakidun eskola publikoari eskola-tresnak emateko kanpainarekin. Datorren asteburuko saltokia ezarriko dute berriz, hiru gauetan, 30. Tango eta Folklore Jaialdi Nagusian, eta astelehenean, hilaren 27an, Megatropikal 2023 Jaialdian.
“Hiriko kultur ekitaldi guztietan egongo gara, ohiko helburua gidari dugula, alegia gurea zabaltzea, geure burua ezagutaraztea eta, are gehiago orain, etxez aldatu garen honetan, dirua biltzea elkartearen aurrerabidea bermatu ahal izateko” baieztatzen du Soniak ilusio handiz. Aurrera, Gure Etxea!