Gral. Belgrano, Argentina. 1991ko uztailaren 7an, Gral Belgrano-ko euskal jatorriko lagun talde bat Euskal Etxe bati hasiera emateko xedez bildu zen, bere kideen arbasoen kultura landu eta zabaltzeko asmoz. 32 urte igaro dira sorrerako bilera hartatik eta, gorabehera askoren eta jarduerarik gabeko aldi luze baten ondoren, duela 6 urte Gure Etxea berriro jarri zen abian. Geroztik, ez diote sekula utzi uztailaren 7an bildu eta urteurrena ospatzeari eta, zailtasunak zailtasun, pasa den ostirala ez da salbuespena izan.
Ospakizuna xumea izan zen, bazkide baten etxean egina. Izan ere, urte hasieran erakundeak galpoi bat alokatzea lortu eta bertan hilabete batzuetarako bere egoitza sozialak funtzionatu bazuen ere, azkenean itzuli behar izan zuten, jabeek saltzea erabaki baitzuten. Gaur egun, espazio bat errentatzeko aukera ari dira aztertzen berriz ere, partekatuz eta beste erakunde baten instalazioetan seguruenik, EEaren jarduerek garatzen jarrai dezaten, adibidez urrutitik zein aurrez-aurre ematen dituzten euskara klaseak, bere irakasle-ikastaldie abenduan bukatuko duen Euskara Munduan Programako kide Natalia Urcola eskola-emaile.
Batzarra eta bazkide berriak
Laster egingo du Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordea berritzeko Batzarra eta kide berriak sartzea espero dute. “Aldaketa-aireak beti datoz ondo, begirada berriak eta energia berriak ekarri ohi dituzte, baina funtsak, mamiak, berdin jarraitzen du. Lanean eta, pixkanaka, hazten joateko gogoz jarraitzen dugu. Garai zailak dira, egoitzaren kontua zaila baita, diruagatik jakina, baina energia ez da ahulduko” esan dio, baikortasuna batere galdu gabe, EuskalKultura.eus-i, Gure Etxea-ko lehendakari Sonia Etcheletek.