euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

General Belgranoko Euskal Etxeak euskal abizenei buruzko informazioa eskaini zuen Argentinako Tradizioaren Egunean

2021/11/17

Gure Etxea-ko bazkide eta lagunek Tradizioaren Egunaren karietara ipinitako euskal standa
Gure Etxea-ko bazkide eta lagunek Tradizioaren Egunaren karietara ipinitako euskal standa

PUBLIZITATEA

Gral. Belgrano, Argentina. Buenos Aires probintziako General Belgranoko Gure Etxeak Argentinako Tradizioaren Eguneko jaialdian hartu zuen parte azaroaren 13an. Festa Bonnement landagunean izan zen eta Udalak gonbidaturik stand bat muntatu zuten Euskal Etxeko lagunek. Bertan euskaldunekin lotutako objektu erakusketa prestatu zuten, tartean zeudela txistu bat, esne saltzaileen banku tipiko bat, liburuak, mapak eta erakusgai jarri zituzten hainbat argazki.

Proposamen berrien artean, "euskal abizenei buruzko informazioa eskaini zieten bertara interesatuta agertzen zirenei. Horretarako propio diseinatutako diplometan abizenen esanahia, euskarazko ortografia, eta jatorriaren lekua" azaldu zieten eskatu zutenei, hala bazegokion.

“Standean gure lana eta ekintzak azaldu eta ezagutarazi ahal izan genituen eta abizenen proposamenarekin jende asko hurbildu zitzaigun. Izan ere, bazkide berri asko egin genituen. Datorren urterako aktibitateak ere iragarri genituen, tartean dantza eta euskara klaseak”, azaldu dio Euskal Etxeko erreferente Sonia Etcheletek  EuskalKultura.eus-i.

Gogora dezagun Gral. Belgranoko Gure Etxea Euskal Etxeak euskara eta dantza irakasle propioak dauzkala. Hizkuntza eskolak Euskara Munduan programan ikasten ari den Natalia Urcolak ematen ditu eta dantza arlokoak, berriz, folklore eta dantza klasiko irakasle den Barbara Perez Arruak.

General Belgranoko Gure Etxea Facebook-en topa daiteke Gure Etxea(Centro Vasco De General Belgrano-n.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia