Gral. Belgrano, Argentina. 2017. urtean berpiztu zutenetik, jarritako helburu guztiak joan da betetzen Gral. Belgranoko Euskal Etxea. Testuinguru horretan, eta Hector Carricaburu lehendakariordeak gonbidaturik, urte ezin hobeari azken agurra emateko bildu ziren abenduaren 15ean Zuzendaritza Batzordeko kideak eta euren familiak. zelaian egun-pasa egiteaz gain, datorren urteko proiektuei buruz ere hitz egiteko.
Elkarteko idazkari Sonia Etcheletek EuskalKultura.eus-i baieztatu dionez, 2020ko helburu nagusia txikientzako dantza eskolak ematea da. “Aurten oso urrats handia eman dugu, eta Gure Dantza izeneko taldea sortu dugu, baina dantzari gehiago nahi ditugu, izan ere horretarako dantza irakasle berri bat ere badugu-eta, Barbara Perez Arrua”, adierazi du.
“Laster, gainera, euskara irakaslea ere izango dugu EEko Natalia Urcola urtarrilean hasiko baita Euskara Munduan programan”, gaineratu du Etcheletek.
Euskal Etxearen egoitzari dagokionez, bertan ere nahi dituzte aldaketak egin. “Asmoa da Etxearen aurrealdeari euskal baserri baten itxura ematea eta bukatu bezain laster jai polit batekin inauguratzea”, iragarri digu Gure Etxeko erreferenteak.