1991. urtean sortu bazuten ere, oso mugimendu gutxi izan du Gral. Belgranoko Gure Etxea Euskal Etxeak azken urte hauetan. Aurten, Buenos Aires probintziako euskal etxe honek berriro ere ikusi ditu kideak bere inguruan elkartzen eta kultur ekintza batzuk antolatu ondoren, Zuzendaritza Batzordea osatu eta Izaera Juridikoa bideratzen. 2018rako, oso helburu sendoak dituzte: kide gehiago lortzea eta dantzak, sukaldaritza eta euskara klaseak eskaintzea.
Gral. Belgrano, Argentina. Buenos Aires hiriburutik 160kilometrora dagoen Gral. Belgranoko Euskal Etxea 1991. urtean sortu zen, La Platako Euzko Etxea babesle. Hasierako urteetan, mota askotako ekintzak antolatu zituen elkarteak herriko euskal kolektibitatearen erreferente bihurtuz.
Denboraren poderioz, hasierako bultzada hori bere indarra joan zen galtzen, euskal etxea geldirik geratu arte. Orain, eta Gral Belgranoko euskal gizataldetik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez, ekintzarik gabeko epe hori bere bukaerara iritsi da, elkarteko kideak berriro bildu eta ekintzak antolatzen hasi direlako. Joty Mayoz buru duen Zuzendaritza Batzorde berriak oso xede zehatzak ditu datorren urterako.
Sonia Etchelet idazkariak buletin honi azaldu dionez, laster Izaera Juridikoa izango dute "eta martxotik aurrera dantza eta sukaldaritza klaseekin hasiko gara". "Dantzak horretarako propio trebatzen ari den herriko dantzari baten esku egongo dira; sukaldaritzaz Berta Recabal de Carricaburu arduratuko da. Ahal badugu, euskara klaseak ere eskainiko ditugu. Egoitzarik ez dugu baina Udalak lagunduko digu. Oso pozik gaude, jendearengandik erantzun ona jasotzen ari garelako. Ehunka lagun bildu ditugu Facebooken eta ehun bat kide egin ditugu azken bolada honetan”, jakinarazi digu idazkariak.
Zuzendaritza Batzorde berria:
-Lehendakari: Joty Mayoz
-Lehendakariorde: Hector Carricaburu
-Idazkari: Sonia Etchelet
-Diruzain: Hugo Mandagaran
-Kontu ikuskatzaile titularrak: Ana Lia Carricaburu, Guillermo Gorostiague
-Batzordekide titularrak: Emilia Arredondo, Dora Alberro, Elisa Bigres
-Batzordekide ordezkoak: Laura Arredondo
Kide berriak egiteko kanpaina aurrera doa eta erakundeak bazkidetzeko gonbitea luzatu dio bere komunitateari. Interesatuek Facebook bidez jarri behar dira kontaktuan Gure Etxea (Centro Vasco Gral Belgrano) izenpean dagoen kontuan sartuz eta ‘Kide izan nahi dut’ izeneko mezu bat bidaliz. Izena eta nortasun agiri zenbakia ere jarri behar dituzte.