euskal diaspora eta kultura
2009/05/08
PUBLIZITATEA
General Acha, Argentina. Rincón Vasco-Eusko Txokoa elkarteak ospe handia du Argentinar Pampako General Acha herrian, 1965ean sortuz geroztik. Izan ere elkartea inguruetako kultur eta gizarte ekitaldi entzutetsuenetakoaren sustatzailea izan zen, 1971an lehenengo Txahalaren jaia antolatuz.
Hamarkada askotako aktibitateen ostean joan den urtearen urrian zuzendaritza berria aukeratu zuen elkarteak, Luis Alberto Obieta presidente eta Carlos José Ruiz presidenteorde ipiniz. Talde berri honek gidatuta elkartea indarberritze prozesu batean hasi da eta Txahalaren Jaia aurten ere antolatzea horren erakuslehio izan da, iazkoan Argentinako nekazaritza eta abelzaintza alorrean izandako arazoen ondotik.
Maiatzaren 1 eta 2an egin da jaia, bere 37. edizioan. Jendearen erantzuna oso ona izan da eta ikusle eta partehartzaile asko bertaratu dira. Ostiralean, zaldi-hazle eta zaldizkoen erakustaldi eta lehiaketekin asko gozatu zuten ikusleek. Bazkaria, espero zitekeenez, argentinar erreki edo 'asado' ezaguna izan zen. Larunbatean eguneko ekitaldi nagusia Euskal Etxean egin zen kontzertua izan zen, Los Guaraníes taldearekin eta herriko beste artista batzuekin. [Testuaren ezkerrean jaiaren afitxa]
Jaia euskal elkarteak bizi duen une aski landuaren seinale izan zen. Ahalegin handia ari dira egiten. Zuzendaritza berriari esker elkartea euskara, kultura, kirola eta gastronomia sustatzen ari da eta azkenaldian bazkide berriak erakartzea lortu du, horien artean herriko gazte asko. Lerro hauetatik euren lana preziatu eta aurrera egiten animatu nahiko genituzke, lorpenengatik zorionak ematearekin batera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus