euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Genealogia, kantu, dantza eta lagun anitz Euskaltzaleak-ek antolatutako urteko hirugarren topaketan

2011/06/15

Euskaltzaleak-ek gonbidaturik, Laura Nobilek hitzaldia eman du Buenos Airesen genealogiaz (argazkia EuskalKultura.com)
Euskaltzaleak-ek gonbidaturik, Laura Nobilek hitzaldia eman du Buenos Airesen genealogiaz (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskara klaseak emateaz gain, Euskal Herriarekin lotura duten beste ekintza batzuk ere eskaintzen dizkie Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiak bere kideei. Independencia kaleko egoitzara mugitu direnetik, Euskaltzaleak-ek hileroko topaketak egiten ditu ikasleak euskaltzaleen mundura hurbildu, eta elkar ezagutu dezaten. Ekaineko elkarretaratzean, Laura Nobile genealogistaren bisita hartu zen. Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko ordezkariak ikerketa genealogikoa egiteko nondik hasi azaldu zien bildutako lagunei. Hitzaldia bukatuta, eta afalostean, euskaraz abestera eta fandango bat dantzatzera animatu ziren gonbidatuak.

Buenos Aires, Argentina. Urte osoko topaketa egitaraua daukate antolatua Euskaltzaleak-eko arduradunek 2011 honetarako. Klaseez aparte, ikasleen topaketa bat hilero, kasu bakoitzean euskal gai bat zabaldu eta ezagutarazteko asmoz, batez ere Euskal Herrira hurbiltzen ari direnentzat zuzendua.

Martxotik hona, hiru bilera gauzatu dira Independencia kaleko egoitzan. Apirilaren 15ean, eta Euskaltzaleak-eko ikasle eta irakasleen eskutik, Korrika ospatu zen Buenos Airesen. Maiatzaren 20an, berriz, Argentinako Iraultzaren eguna oroitu zen Argentinako euskaltegian. Eta herrien independentziarako bideei buruzko gogoetak sortzeko, Eduardo Torry politologoak “Autodeterminazioa: Euskal Herriaren kasua” izeneko mintzaldia eman zuen. Hitzaldiaren ondoren, Argentinan hain tipikoa den “locroa” partekatu zuten gonbidatu guztiek.

Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute

Hirugarren topaketan, berriz, famili erroak eta genealogia izan da bilgarri. "Argentinar gehienon arbasoak ez dira berez bertakoak eta 'nondik gatoz' galdera bueltaka dabil askoren buruan. Hori dela eta, Argentinan genealogia ikertzen duten lagun mordoa dago". Horietako bat da Laura Nobile eta Euskaltzaleak-ek gonbidaturik, ekainaren 10ean 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' hitzaldia eskaini zuen hiriburuan.

Euskaltzaleak-en 3 topaketa 2011 01

[Hitzaldia bukatuta, etxeko sukaldariek prestatutako pintxo eta dilistak partekatu zituzten gonbidatuek (argazkia EuskalKultura.com)]

Publikoak interes handiz jarraitu zituen adituaren azalpenak, zuhaitz genealogiko bat osatzen hasteko eman beharreko pausoak eta hortik aurrera jakingarriak zehatz mehatz azaldu baitzituen, baliabideak non aurkitu adieraziz eta adibide praktikoak ere aipatuz. 

Euskaltzaleak-en 3 topaketa 2011 02

[Irakasleak, ikasleak eta euskaltegiko lagun anitz bildu ziren topaketara (argazkia EuskalKultura.com)]

Hitzaldia bukatuta, etxekoek prestatutako pintxo eta dilistak dastatu zituzten Xeito Novo-ra bertaratu ziren lagunek. Abestuz eta dantzatuz, giro ezin hobean itxi zen Euskatzaleak-en urteko hirugarren topaketa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia