Joseba Etxarri. Hamaika urte pasatxo dira Gemma Valentzian bizi dela. Salamancako Unibertsitatean Psikologian graduatu eta Portaera Terapian eta Kirolaren Psikologian masterrak ikasi ondoren, hiru urte eman zituen Extremaduran Portaera Terapia Zentro batean Valentziarako bidea hartu aurretik. Egun 44 urte dituen psikologo euskaldunak bertatik garatu du bizitza profesionala eta arestian aipatu arloei hirugarren bat emendatu die, bereziki landutako beste gaia baitu beste hau: asertibitatea eta hizkuntz portaerak aztertzea gizarte elebidunetan. Banaka zein taldeka hamar libururen egile, euskararekiko zeukan maitasunak --eta alabei taxuz pasatu nahi izateak-- hizkuntza indartu eta formakuntza hartzera bultzatu zuten, Euskaltzaleak euskal etxeko euskara irakasle bilakatu arte. Izan ere, pertsona engaiatua da, engaiamendua ezaugarri daukan euskal etxe bateko partaide, nortasun euskalduna valentziar/katalanarekin batera lantzen eta horren lekukotasuna ematen bere testuinguruan.
-Interneten sartu eta zure izena ipinita, psikologo gisa, eta kirol psikologia nabarmenduz topatu ditut sarrerak, pilotari valentziarrak aipatuz, gainera...
Ez dakit Valentziatik kanpo zein neurritan den ezaguna, baina pilota valentziarra hemen oso errotu eta zabaldua dagoen pilota mota da. Bestelakoa da, euskal pilotarekin alderatzen baduzu, baina inoiz egin izan dituzte Euskal Herriko eta hemengo pilotariek partidak elkarren kontra, gehienbat erakustearren eta zabaltzearren, arauak, jokatzeko modua eta jokatzeko lekuaren ezaugarriak ere desberdinak baitira. Kirol psikologia ere nire bizitza profesionaleko parte da, bai. Duela hiru bat urte arte Unibertsitatean diziplina arteko kabinete bat geneukan, medikua, fisioterapeuta, prestatzailea eta psikologoa lankide, baina mozketek itxi beharra ekarri zuten. Nik segitzen dut kirolariak atenditzen eta oraintxe bertan, esaterako, taekwondista batekin, atleta batekin eta zenbait pilotarirekin ari naiz lanean.
-Irakurri ditut baita ere zeuk ematen dituzun TELP tailerrei buruzko artikuluak, hizkuntz estresa edo estres linguistikoa aipatuz. Zer da estres linguistikoa?
Euskara, kurduera, katalana edo beste edozein hizkuntza gutxitu mintzatzen dugunok jasan dezakegun zerbait da. Norbaitek bi hizkuntz mintzatzen baditu, bat indartsu eta babestua eta beste bat gutxitua, hautatu beharrean ibiltzen da, hitz egiterakoan aukeratu egin behar du bat ala bestea erabili, eta berea den hizkuntz gutxitua hitz egiteko baimena eskatuz-edo ibiltzen da askotan, pentsa dezake ez duela eskubiderik bere hizkuntza erabiltzeko. Elebakarrek ez daukate halako arazorik. Hau lotuta dago hizkuntza sumisio edo sumisio linguistikoaren kontzeptuarekin; gure hizkuntza ez hitz egitera bultza gaitzake, beste hizkuntza hautatzera behartuta sentitzera. Pentsatzen duguna baina askoz sarriago gertatzen da hau, eta ez soilik, euskararen kasuan, eremu edo eskualde erdaldunagoak izan daitezkeenetan, eremu eta eskualde oso euskaldunetan ere baizik.
-Konklusioa izan daiteke, gure kasuan, beti lehenengo hitza euskaraz izateko gomendioa.
Oso inportantea dela esango nuke, kontseilu ona dela.
-Arazori horiek aipatzen dituzu, Ferran Suay-rekin batera idatzi zenuen 'Armaitu linguistikotik ateratzea' liburuan. Euskal Herriko eskola eta talde askorengana ekarri duzu tailerren bidez.
Liburuak, 2010ean Bartzelonan plazaratu genuenetik, hiru edizio izan ditu katalanez, eta oihartzun eta kritika aldetik ere arrakasta nabaria izan du. Institututan klasean irakurtzen dute. Katalan hiztun gisa euren eskarmentua kontatzen diguten sei katalanen lekukotasuna eta portaera aztertzen ditugu liburuan psikologiaren aldetik. Euskarara ere itzuli da eta argitaratzeko prest omen dago; esaten didatenez hemendik gutxira iragarri ahal izango dugu. Gaiak merezi du gogoeta eta geure buruari galderak egitea. Euskal Herrian eman dudan azkeneko tailerra Lakuntza izan zela uste dut, eta emanak ditut beste bazter askotan, Bilbon, Oarsoaldean, Iruñean, Saran, Urretxun, Sakanan...
-Euskalduna zara, eta euskaldunberria izan zinen. Euskara zeure bizitzako parte egin zenuen, eta egin duzu, baita Valentzian ere.
Euskara eta euskal kulturari bizkarra emana bizi zen familia batean jaio nintzen Bilbon. A ereduan ikasi nuen eta 17 urte nituela euskara ikastea erabaki eta AEKn hasi nintzen. Hiru urtetan hainbat ikastaro eta barnetegi bat egin eta maila polita lortu nuen. Gero Salamancara ikastera joan nintzen eta kanpoan bizi izan naiz hainbat urtez, Valentziara etorri arte, hemen neure buruarekin euskara berreskuratzea erabaki arte, argi baineukan transmititu nahi niela nire ondokiei. Bikotearekin eta bi alabekin bizi naiz Valentzian eta alabak euskaldunak eta katalan hiztunak dira. Amatasunak eta euskararekiko dudan maitasunak bultzatu ninduten Valentziako Euskaltzaleok euskal etxean sartu eta euskara berreskuratu eta eguneratzera, formakuntza hartuz euskal etxean euskara irakasle izateko eta egun ematen ditudan euskara eskolak eman ahal izateko.
-Korrika 19 datorren astean heldu da Valentziara, Euskaltzaleok eta Laurak Bat euskal etxeen eskutik.
Korrika antolatu dugun hirugarren edizioa izango da eta gogor aritu gara lanean ahalik eta ondoen atera dadin. Datorren asteko larunbaterako egin dugu deia. Eguerdiko hamabietatik aurrera Euskal Herritik etorritako dantzari eta trikitilariak bilduko zaizkigu eta eurekin batera hemengo dolçainers eta tabalers arituko dira, Euskal Herrian dultzainero edo txistulari, eta danbolindero edo atabalarien pareko musikariak. Velluters auzoa eta Racó de la Corbella, euskal etxea dagoen auzoko kaleak berotzen ibiliko dira eta ordu batean Korrika hasiko da. Orain arte gauza nola doan ikusita, ehun eta berrehun pertsona artean espero ditugu. Ondoren bazkari herrikoia egingo dugu, marmitakoarekin, eta Euskal Herriko sagardoa ere izango dugu. Korrikari buruzko aurkezpen bat ere prestatu dugu, Korrikaren atean zer dagoen azaltzeko eta azaltzeko baita ere, adibidez, Correllengua, hemen katalanaren alde egiten den ekimena Korrikaren ideia honakotuz jaio zela. Musika ere izango dugu, kantuak, dantza-tailertxo bat eta kantaldi bat, Josu Bergara euskal kantari gisa eta Valentziatik Pau Alabajos eta Ali Barnat. Ahaztu gabe muixeranga (giza dorre) tipiko bat ere bilduko zaigula.
-Zergatik Korrika Valentzian?
Euskaldunak garelako. Pentsatzen dut euskaldun asko gaudela munduan zehar, batzuk gure kasuan bezala euskal etxe baten inguruan bilduak, ahalarekin eta borondarearekin geure hondar alea jartzeko eta bat egiteko Euskal Herrian egun hauetan Korrikaren inguruan laguntzen, antolatzen, korritzen eta modu batera edo bestera parte hartzen ari direnekin, euskara eta euskararen normalizazioa eta geroa helburu. Gauden lekutik nahi dugu parte hartu eta ospatu. Horregatik erosi ditugu petoak eta honekin guztiarekin lortuko dugun dirua Euskal Herrira bidaliko dugu. Eta horrekin batera, gure izaera ere erakutsi nahi diegu hemengo gure lagunei eta hemengo gizarteari. Jakin arazi nahi diegu nolakoak garen, nolakoa den gure kultura, gure hizkuntza eta gonbidatu nahi ditugu partaide izatera. Larunbatean kultura nahasketa polita egingo dugu, giro ederrean eta elkarrekin, geu garenetik parte hartuta, geure sustraietatik bilduta eta integratuta.