euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gehiago jakin nahi euskal arte eta literaturaz? Etxepare Euskal Institutuak BASQUE bildumako bi liburu berritu ditu

2024/05/28

Bi liburukiak, ezkerrean Artekoa (egileak Ane Lekuona eta Ismael Manterola), eskuinean Literaturakoa (egilea Estibalitz Ezkerra Vegas)
Bi liburukiak, ezkerrean Artekoa (egileak Ane Lekuona eta Ismael Manterola), eskuinean Literaturakoa (egilea Estibalitz Ezkerra Vegas)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hamabi liburuxkak osatzen dute Etxepare Euskal Institutuak 2012an lehenengoz argitaratutako BASQUE bilduma. Atal bakoitzak euskal kulturaren adierazpen bat jorratzen du beti ere euskal kultura ezagutarazteko helburuarekin. Bildumak dauzkan eduki eta hizkuntzen aukerengatik –testuak elebidunak dira euskara-ingelesa, euskara-gaztelania, euskara-frantsesa– oso aproposa da norberak ikasteko baina batez ere irakasteko, euskal etxeetako edota unibertsitateetako ikasleekin, esaterako. Horretaz gain, eskueran daude eta doan jaitsi daitezke PDF formatuan Institutuaren weborritik.

LITERATURA. Materiala eguneratuta mantentze aldera, bi argitalpen eguneratu eta argitaratu berri ditu Institutuak, arteaz eta literaturaz. BASQUE.Literatura liburuxkari dagokionez, Arizona State Universityko Historia, Filosofia eta Erlijio Ikasketen Eskolako Estibalitz Ezkerra Vegas doktore eta ikerlaria da egilea, eta testuak “XX. eta XXI. mendeetako Euskal Herriko literaturaren garapenari begira esanguratsuak izan diren gertakariak eta egileak aipatzen ditu, euskal literaturaren historiaren argazki osatu bat lortzeko helburuz”. Liburua hemen eskura daiteke.

ARTEA. BASQUE.Artea liburuxka, berriz, Ane Lekuona eta Ismael Manterola doktore, arte kritikari eta komisarioek idatzi dute eta “euskal artistek euskal identitatearen iruditegia sortzeko egindako garai ezberdinetako euskal artisten lanetan oinarritzen da”. Liburua hemen eskura daiteke.

Bildumak beste diziplina batzuk ere mahai-gaineratzen ditu, hala nola, musika, dantza, bertsolaritza eta sukaldaritza, batzuk aipatzearren. “Kulturaren leihotik, bertakoaren eta kanpokoaren topalekua erakutsiko dizugu. Kulturaren taupadatik, nondik gatozen, non gauden eta nora goazen jakiteko aukera izango duzu. Liburu sorta hau abiapuntu bat da, zugan jakin-mina eragin eta euskal kultura sakonago ezagutzeko gogoa piztea du helburu”, gonbidatzen du Institutuak.

- BASQUE bilduma osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia