euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaztetxulo aldizkaria Gaztezulo izatera pasa da, formatu berria hartzearekin batera; sareratzea, maiatzean

2007/04/02

Izena ez ezik itxura berrituta iritsi da Gaztezulo-ren apirileko zenbakia; bihar aurkeztuko da Bilbon
Izena ez ezik itxura berrituta iritsi da Gaztezulo-ren apirileko zenbakia; bihar aurkeztuko da Bilbon

PUBLIZITATEA

Argitalpena Gaztetxulo deitzetik Gaztezulo deitzera pasatuko da. Aldaketak baina aldizkariaren beste alorretan ere eragina izango du, hala nola, teknologia eta zerbitzu berriek arreta handiagoa jasoko dute bere orrialdeetan, eta nazioarteari irekiagoa egongo da hemendik aurrera. Bihar egingo dute Bilbon eraldaketa ospatzeko arduradunek antolatu duten festa. Gainera, maiatzaren 1ean, sareratzeko jauzia emango du Gaztezulok.
Orain artean Gaztetxulo izenarekin ezagutzen genuen euskara hutsezko aldizkariak izena aldatu berri du eta apirileko bere zenbakia Gaztezulo mantxetarekin iritsiko da kiosko eta postontzietara. Sei urteko ibilbidearen ondoren hainbat aldaketa egitea erabaki dute gazteei zuzenduriko hilabetekari honetako arduradunek. Izenaren aldaketa ez ezik formatu, eduki eta atalen birmoldaketa nabarituko dute agerkariak dituen hogei milatik gorako irakurleek. Kultura, zerbitzuak eta teknologia berriari tarte handiagoa eskaintzeko asmoa agertu dute Gaztezulo berrituaren editoreek eta hori posible egiteko orrialde kopurua ere handitu behar izan dute.

Gaztetxulok Donostiako Irutxulo tokiko aldizkariaren gazteei zuzendutako gehigarri gisa ikusi zuen argia duela sei urte pasatxo. Denbora honetan, baina, Irutxuloren babesetik atera eta argitalpen independentea izatera pasa da, bere hedadura Euskal Herri osora zabalduta. Apirilekoa izango da Gaztezulo izenarekin argitaratuko duen lehenengo zenbakia eta bere azalean ere ikusi ahal izango dira beste aldaketa batzuk. Ilaski Serrano esatariak, Sara Cozar aktoreak, Aitziber Garmendia aktoreak eta Larraitz Arando publikazioko sexologoak bete dute etapa berriko lehen azala, sexua baita oraingo honetan erreportaia nagusiaren gaia.

Festa Bilboko Kafe Antzokian

Aurkezpen ekitaldi formala joan den ostiralean Donostiako Tabacalera eraikinean egin bazen ere, Bizkaian emango diote ongi etorri festa aldizkari eraberrituari, bihar hain zuzen. Bilboko Kafe Antzokian izango da eta bertan Kerobia taldeak kontzertua eskainiko du. Ondoren, Selektah Sound System-eko kideak musika jartzen ariko dira. Gertuko etorkizunean ere aldaketa gehiago izango dira Gaztezulon, Maiatzaren 1an jarri baitute interneteko gunea zabaltzeko eguna. Modu horretan Donostiarako asmoarekin jaio zen aldizkariak mundu osoari zabalduko dizkio bere orriak.


Lotura interesgarriak

Maiatzaren 1etik martxan egongo den Gaztezuloren gunea
www.gaztezulo.com

Gaztetxulo aldizkariaren 5. urteurrena
www.euskaraz.net

Euskarazko aldizkarien zerrenda Wikipedian
http://eu.wikipedia.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia