euskal diaspora eta kultura
2011/03/23
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Atzo goizean bildutako Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Diasporan interesa piz dezaketen zenbait erabaki hartu zituen. Nagusienak, atzerriko euskaldunen ikuspegitik, honako hiruak: Gaztemundu programaren 2011ko deialdiaren irekiera, Madrilen Euskadiren Ordezkaritza berriaren sorrera (edo bertako bulegoari maila hori berriz erev ematea, Ordezkaria izendatuz), eta Espainiako Valentzian euskal etxe berri baten aintzat hartzea.
Gaztemundu 2011
Eusko Jaurlaritzak Gaztemundu programaren a2011ko deialdia egitea onartu du. Gaztemendu programa euskal etxeetako gazteentzat da Euskadin egonaldi bat egiteko aukera izan dezaten.
Programak aurten 97.000 euroko guztizkoa du, atzerriko euskal etxeetako hogeita hamar bat gaztek —18tik 30 urte bitartekoak— urriaren 23tik azaroaren 6ra bitartean Euskadira etorri eta Euskadi hobeto ezagut dezaten.
Egonaldian zenbait lan eta jarduera burutu beharko dituzte euskal jatorria duten gazteok eta jarduera horien bitartez aukera izango dute erakundeekin, enpresekin eta Euskadin lan egin eta bizi diren pertsonekin hartu-emana izateko, baita Euskadi barruko zein kanpoko gazteen arteko harreman plataformak sortzeko ere.
Aurtengo programan parte hartu nahi dutenek Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian aurkeztu beharko dituzte eskabideak.
[Deialdia argitaratzen denean, seguruenik 2011-04-18an, eman dugu berri zehatz eta link-duna]
Madrilen Euskadiren Ordezkaritza berria
Jaurlaritzaren Kontseiluak Lehendakaritzako egituran berrantolaketa egitea onartzen duen eta aldaketak zehazten dituen dekretuak, hainbat erabakien artean, Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza sortzea jasotzen du. Ordezkaritza Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiari atxikitutako zuzendaritza bat izango da eta Madrilen Eusko Jaurlaritzaren interesak ordezkatzeaz arduratuko da.
Orain arte Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Ngsuian bertan Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendari izan den Irune Aguirrezabal Quijera da ordezkari berria. Aguirrezabal Zuzenbidean lizentziatua da eta Espainiako Gobernuko presidenteordea zen Maria Teresa Fernández de la Vegaren taldean aritu izan zen Jaurlaritzara etorri zurretik lanean. Gogoratu beharra dago duela bi urte Lopez lehendakaria sartu berritan, Madrilgo Ordezkaritzari bere izaera hori kentzea eta Bulego bihurtzea erabaki zuela, ordezkariaren postua ezabatuz.
Berrantolaketa berriak eragina du Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian ere, lehen Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritza zena orain Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza izango baita. Marta Marinek Bruseleko ordezkari bezala jarraitzen du eta Ainhoa Alday, orain arteko Kanpo Harremanetarako aholkularia, izendatu dute Kanpo Harremanetarako zuzendari.
Beste euskal etxe bat Valentzian
Azkenik, Jaurlaritzak Quart de Pobleteko (Valentzia) Euskaltzaleok Elkartea Euskal Etxea aintzatestea erabaki du. Honekin bi dira Valentziar Komunitatean dauden euskal etxeak (Venezuelako Carabobo estatuko Valentzian ere bada euskal etxe bat).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus