euskal diaspora eta kultura
2014/07/28
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Amaitu da Jaurlaritzak antolaturiko 2014ko Gaztemundu eta antolatzaile zein ikasleak pozik agertu dira bertan bizi eta ikasitakoarekin. "Ikastaroaren balioespena oso baikorra da, ikasleak oso oso pozik ikusi ditugu eta Oier Araolazak eta irakasleek egin duten lana itzela izan dela baieztatu digute", azaldu dio EuskalKultura.com-i Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo Itsasok.
Uztailaren 6tik 20ra izan dira Euskal Herrian Gaztemundu 2014ko 25 partaideak, Diasporako dantza taldeetako zuzendari eta dantza trebatzaileak. "Aukera paregabea izan dute", adierazi du Oier Araolazak EuskalKultura.com-ekin solasean, "hemengoek ere ez daukaguna, ikastaroan ikasi duten guztia ikasteko (norberak bere kasa egin beharko balu) urteak beharko lirateke eta". Hori dela eta ikastaroko klaseak Euskal Herriko dantzariei ere irekiak izan dira, horrela bidenabar hango eta hemengo dantzarien artean harreman sarea sortzeko asmoz.
[Gaztemundu 2014ko klase bat (argazkia Dantzan.com)]
Informazio zaparrada
Bi aste hauetan dantzari buruzko ikastaro trinkoa, anitza eta zabala jaso dute, "informazio zaparrada", Araolazaren esanetan. Ikastaroak Euskal Herriko dantza molde desberdinak landu ditu eta hainbat lekutan aritu dira ikasleak, bertako dantza taldeetako kideak zuzendari: Ander Abuin lesakarrak Lesakako dantzak irakatsi dizkie; Jon Iruretagoiena eta Claude Iruretagoienak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzak; Argia dantzari taldeko dantza-maisu taldeak --Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Jokin Otamendi-- Gipuzkoako tradizioa; Josu Garatek eta Oier Araolazak Gipuzkoako ezpatadantza; Jon Fernandezek eta Amagoia Egiluzek Arabako dantzak...
[Jauzi! Ikastaro praktikoan maila ona erakutsi zuten dantzariek (argazkia Dantzan.com)]
Lehendakaria txistulari
Oier Arazolak eta Dantzan Ikasi egitasmoko kideek ikastaroaren egunez eguneko kronika jaso dute Dantzan.com webgunean. Bertan jaso dute baita ere aurtengo Gaztemunduko pasarte deigarri bat: Uztailaren 9an Lehendakariak harrera egin zien Gaztemunduko partaideei, eta Lehendakaritzako patioan dantzariek soka-dantza dantzatu zuten.
[Soka-dantza Lehenkaritzan, ikusle Maria Angeles Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta haren emazte Lucia Arieta-Araunabeña, eta Asier Vallejo Itsaso, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzat zuzendaria (argazkia Dantzan.com)]
Urduri ziren gazteak, ikastaroa hasi berriak, Araolazaren esanetan. Saio amaitu eta zur eta lur gelditu ziren denak: Iñigo Urkulluk txistua eta danbolina hartzeko baimena eskatu zion Jose Migel Laskurain musikariari eta, hara non, "Ikusi Mendizaleak" kantua jotzen hasi zen.
[Gaztemunduko ikasleek kantuan eta txaloka lagundu zioten Urkullu lehendakariari (argazkia Dantzan.com)]
Dantzan.com-ek eguneko kronikan jaso zuen unea: "Txistua eta danbolina jotzen urte asko aritua da Lehendakaria, eta ez duela ahaztu erakutsi du. Baina jarraian solasean aritu gara, eta jotzeaz gain, txistua, dantza eta euskal folklorearen alorra interes handiz jarraitzen duela frogatu ahal izan dugu".
Bigarren fasea
Ikastaroa amaituta, orain dator erronkarik handiena: horiek guztiak gogoan hartzea eta euskal etxeetan irakastea. "Ikastaroa bukatu ordez, bigarren fasea hasi dela esan diegu. Eta badakite Dantzan.com-en (dantzari buruzko webgune eta komunitatea) aholkularitza eskaintzen diegula dantza taldeei, eta orain elkar ezagutzen dugula aprobetxatuz, zerbitzu hori baliatuko dutela espero dugu", agertu du Araolazak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus