euskal diaspora eta kultura
2014/07/07
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Iragarritako egitarauari zintzo segituz, atzo igandea goizeko 9:30etan izandako lehenengo aurkezpen orokor hitzaldi batekin --Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejoren eta ikastaldi honetako koordinatzaile den Oier Araolaza dantza maisuaren eskutik-- abiatua da 2014ko Gaztemundu programa, euskal dantzari dedikatua, munduko euskal etxeetako dantza taldeen zuzendari eta trebatzaileak partaide.
Uztailaren 6an hasita eta hilaren 20ra arte, Estatu Batuetatik (6), Argentina (15), Txile (2), Espainia (1) eta Uruguaitik (1) etorritako 25 partaideak buru-belarri murgilduko dira euskal dantzaren munduan, Oier Araolaza dantza adituak prestatutako egitarauari jarraiki.
Ikastaroan zehar, eskola praktiko eta teorikoak izango dituzte, eta Euskal Herriko bazter batzuetara ere mugituko dira, dantza jakin batzuk dantzatzen diren testuinguru zuzenean ikusi eta dastatu ahal izateko. Atzo, bertan, esaterako, klaseak aurkezpen-hitzaldiaren segidan hasi ziren, lehenengoaren gaia Lesakako dantzak izanik. Gaur, uztailaren 7a izanik, taldeak atzo azaldutako dantza horiek zuzenean eta bizian ikusteko aukera izango dute, Lesakara baitoaz, Lesaka bertako dantzariak gidari.
Asteazken arratsaldean, taldea Gasteizera joango da eta harrera-ekitaldi bat egingo die Iñigo Urkullu lehendakariak. Datorren astebururako, berriz, 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteak Iruñean deitu duen elkarretaratze batean parte hartzeko gonbitea daukate, euskal emigrazioaren parte horrekin ere zuzeneko ezagutza eta kontaktua izan dezaten.
Gainerako egunetan, Euskal Herriko gainerako herrialdeetako dantzetan trebatuko dira, Bizkaikoetatik, Xiberoetakoetaraino, Araba, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Gipuzkoetatik pasaturik, beti ere herrialde eta herri bakoitzeko aditu eta dantzari protagonisten eskuetatik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus