euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaztemundu 2013 martxa onean doa: astean zehar, musika, eta asteburuan, arraun!

2013/09/10

Gaztemundu 2013ko kideak Pasaiko badian arraunean Ameriketatik traineruan (argazkia Gaztemundu)
Gaztemundu 2013ko kideak Pasaiko badian arraunean Ameriketatik traineruan (argazkia Gaztemundu)

PUBLIZITATEA

Aurrera doa, bizi-bizi, Gaztemundu 2013 programa. Aurten euskal musika tresnen "master class" edo ikastaro trinkoa ari dira egiten ikasleak, eta euren maila oso ona da, irakasleek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez. Klaseetatik kanpo ere erritmo ona eta elkarrekin aritzeko sintonia erakutsi dute ikasleek, adibidez, larunbatean Pasaian egin zuten arraunketa saioan.

Vitoria-Gasteiz. Denak elkarrekin eta erritmoa galdu gabe, horrela aritu ziren larunbatean Gaztemunduko 2013 lagunak. Astean zehar ere berdintsu aritzen dira klasean, baina larunbatean musika instrumentuen ordez tresna berria zuten esku artean: arrauna. Izan ere, Ameriketatik traineruan ibili ziren arraunean Pasaiko badian gora eta behera.

Diasporako euskaldunek finantzatu zuten traineru hau, 1998. urtean, eta asteburuan Diasporako musikari talde hau jarri zen bere tostatan. Arraunketak, musika talde batean jotzeak bezala, erritmoa eta koordinazioa behar duela ikusi zuten.

Maila ona

Irteera hau izan zen Gaztemundu 2013ko 15 laguneko taldeak klaseetatik kanpo iragan astean egin zuen jardueratako bat. Argentina, AEB eta Txileko musikariak ari dira parte hartzen aurten trebakuntza programan eta astean zehar buru belarri aritzen dira goizetan; txistua, alboka, txalaparta eta panderoa jotzen ikasten. Hobe esanda, teknika berriak ikasten eta dakizkitenak hobetzen, denak ala denak musikari iaioak direlako.

"Maila nahiko ona dute denek", agertu dio EuskalKultura.com-i Eneko Espino txistu irakasleak. "Ikastaroaren martxa onaren gakoetako bat da hori: partehartzaileak aukeratzerakoan bideoa bidali arazi geniela, bakoitzaren maila ikusteko. Horrela, maila oneko taldea bildu dugu; bestela, ezinezkoa delako hamar egunetan jotzen ez dakienari irakastea".

Gaztemundu 2013 Pasaia

[Gaztemundu 2013ko kideak Pasaian Ameriketatik traineruaren aurrean (argazkia Gaztemundu)]

Ikastaroan parte hartzen ari diren gehienak musikariak dira eta beste instrumuntu batzuk ere jotzen dituzte; trebakuntza horri esker klasean asko ari dira ikasten. "Hiru ordu laurdeneko klaseak ematen ditugu, banaka, eta gero denok elkarrekin aritzen gara", azaldu du Espinok.

Gasteizko Musika Etxean ari dira ikasten eta ostiral arratsaldean Aiotz plazako dantza-plaza ekitaldian izan ziren, adibidez, bertan elkartzen diren dantzarientzako jotzen. "Oso garrantzitsua da euskal dantzak ezagutzea eta dantzariekin batera jotzea, horixe delako euren euskal etxeetan egin behar duten lanetako bat", gehitu du Espinok.

Gaztemundu 2013 Gernika

[Gaztemundu 2013ko zenbait kide Gernikako Batzarretxera egin zuten bisitaldian (argazkia Gaztemundu)]

Hori egiten du adibidez, Pilar Shortsleeve estatubatuarrak. Pilar Utah Basque Club-eko kidea da eta txistua jotzen du euskal etxeko Utahko Triskalariak dantza taldearekin. "Hemen ikasten ari garena gure grupoari gustatuko datzo asko. Eurek beti gauza barriak jakiteko gogoaz dabiz", esan digu Pilarrek gurasoek irakatsi zioten Gernikako euskara jatorrean.

Lanbidez kriminologoa da Pilar eta bere kabuz ikasi zuen txistua jotzen. Orain, besteei ere irakasteko gai izango dela uste du. Hori da, hain zuzen ere, Gaztemundu 2013 programaren helburuetako bat, musika irakasleak trebatzea, eta bide honetik doala dirudi. "Etxean badekotez ikasteko interesa dekoen bi lagun eta gehixau be egongo dizela pentsatzen dot", amaitu du Pilarrek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia