euskal diaspora eta kultura
2011/12/23
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. 30 neska eta mutil gazte, sei herrialdetakoak [Venezuela (1), Txile (2), Argentina (23), Kolonbia (1), Uruguai (2) eta Brasil (1)], baina denak ezaugarri amankomun batekin: euskaldunak izan eta sentitzea, eta nork bere euskal etxean aktiboki parte hartzea. Izan ere, bakoitzaren euskal etxearekiko engaiamendu hori erabakiorra izan zen ikastaro honetan parte hartu duten gazteak aukeratzerakoan: denek ekarri zuten euren elkartean ekimen berriak sustatzeko proiektu bat. Ikastaroan proiektu horiek landu zituzten, bideratzeko estrategien bila.
Askok euren lehendabiziko bidaia zuten Euskal Herrira. Horietakoak ziren, adibidez, Lucia Igarzabal (Guillermo Larregui Euskal Etxea, Chacabuco) eta Camila Pulido (Euzko Etxea, La Plata). Dora Scarcellarentzat aldiz, 2001ean amarekin --Magdalena Mignaburu Berho-- ezagutu zuen herrialdera bueltatzera izan zen. "Gogoan dut lehen bidaia hartan Madril, Paris edo Londres bezalako hiri garrantzitsuetan izan ginen arren, Donostiak bazuela zerbait berezia. Hain zen horrela, Buenos Airesera bueltatu ginenean euskal etxeak bisitatzen hasi ginela. (...) Horrela ezagutu genuen Pehuajoko Etxe Alai elkartea eta, nahiz eta Buenos Airesetik 400 km-tara egon, bertan egin ginen bazkide, elkarte honetan lan egiteko duten gogo bizi eta grinarengatik", azaltzen du Dorak.
Lagunartean
Partehartzaileek Gaztemundutik gehien azpimarratzen duten esperientzia beste herrialde eta elkarteetako gazteak ezagutzea izan da. "Bizi esperientzia desberdinak zituzten 30 lagun joan ginen, eta hamabost egunez elkarrekin egoteak, zalantzarik gabe denetarik ikastera eraman gaitu", azaltzen du Luciak. "Hori da oroitzapen onena: elkarri dena emanez eta beti 'onda' onean dena partekatu zuen jende talde hura. Eta bai, joan zinena baino are euskaldunagoa bueltatzen zara!".
Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko kide den Gilda Guthux-ek berdin pentsatzen du: "Harritu egin ninduen leku eta istorio hain desberdineko hainbeste jende horrelako pasioarekin batzen duen komunitate izpirituak. Horixe baita hitza, pasioa!".
Euskara kalean
Egonaldian, gazteek gogor egin zuten lan trebakuntza ikastaroan, baina kalera irten eta Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Etxean sarri amestutako lurra, imajinatu bezalakoa iruditu al zitzaien? "Ba agian kalean euskara gehiago entzungo genuela uste genuen, edo musika jartzerakoan jendea fandango eta arin-arinak dantzatzen hasiko zela. Izan ziren, bai, uste bezalakoak ez ziren gauza batzuk", dio Camilak. Txikitan euskara ikasten zuen Camilak, eta datorren urtean, esperientziak animatuta, berriz ekingo dio.
[Gaztemundu 2011-ko taldea Gasteizko Alde Zaharrean (argazkia Gaztemundu)]
Euskara ikaslea da jada Gilda, eta berak aukera gehiago ikasteko probestu zuen. "Egia esan, kalean euskara bizi ondoren, hizkuntza oso zaila dela uste dut", dio. "Kalean jendartean sartzen saiatzen nintzen eta, nik euskaraz zerbait ulertzen dudala esan gabe, eurena entzuten, zer edo zer ulertzen saiatzeko. Oso interesgarria izan zen". Dorak, bere aldetik, euskara ikasketei berrekingo die: "Poz handia eman dit kalean jendea euskaraz halako naturaltasunez hitz egiteak eta, galduarazteko ahaleginak egin diren arren, hori ez dela posible izan ikusteak".
Mundu-Batzarrean
Ikastaroaren azken astean 'gaztemundulariak' Donostian egin zen Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean hartu zuten parte. Batzarrak mundu osoko ehun bat euskaldun ezagutzeko eta euren euskal etxeei buruz jakiteko aukera eman zien. "Gaztemunduk nire sustraiekin eta, batez ere, euskal komunitatearekin harreman estuagoa sustatzeko aukera eman dit", diosku Gildak. "Oso ederra izan zen mundu osoko lagunak ezagutzea Batzarrean, denak istorio hain desberdin eta aldi berean hain antzekoekin".
['Guztion artean' izan zen Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarraren leloa (argazkia Gaztemundu)]
Ikasitakoa baliatu
Orain, etxean bueltan, gazte hauen ardura da ikastaroan jasotakoa euren euskal etxeetan abian jartzea, Euskal Herrian kargatutako indar berriekin. Dora Scarcella horretan ari da jada, eta iragan astean hitzaldia eman zuen Pehuajon, "bizitakoa eta ikasitakoa kontatzeko eta elkartearen ekimenen zabalkuntzari buruz ditudan proposamenak azaltzeko". Camila Olanok ere "ideia eta proposamen berriekin" bueltatu dela dio eta martxoan aurkeztuko ditu La Platako Euskal Etxearen batzarrean.
"Euskal etxeen kudeaketari buruz gauza asko ikasi ditut, eta baita ere euskal etxeen eta gobernuaren arteko komunikazioari buruz, edo ditugun baliabideei buruz", azaltzen du Gildak. "Ideia asko ditut eta 2012ak ideia horiek abian jartzeko aukera emango didala espero dut. Nire euskal etxea bide berrietara irekitzeko prozesuan da eta horien artean egokiena aurkitzeko aukera onak izango ditugula espero dut".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus