Bira argentinarreko lehenengo kontzertua bihar bertan, ostiral iluntzean eskainiko du Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea eskolako kaperan; beste biak, berriz, Argentinako bi puntetako hiri turistikoenetan: Ushuaian eta Iguazun. Emanaldietan errepertorio bariatua eskainiko dute Gipuzkoako abeslariek, tartean eliz musika eta Euskal Herriko eta mundu osoko folklorea.
Buenos Aires, Argentina. Turismoa eta kantua uztartzen dituzten bidaiak antolatzen ditu urtero Donostiako Gaztelupe Ganbera Abesbatzak; mundua ezagutzeko eta euskal musika munduan ezagutarazteko helburu duten proiektuek lurbirako bazter askotaraino eraman dute korua, Txinatik Txileraino eta Estatu Batuetatik, 2015. honetan, Ushuaiaraino –edo Europan ezagutzen den moduan, ‘Munduaren Amaiera'raino.
Bihar bertan hasiko den bira berriak Argentinara ekarriko ditu berriro ere abeslariak eta abesbatzako hamabi kantariekin batera beste berrogei bat pertsonako taldea ere etorriko da bidaiari. Bihar ostirala –urriaren 9an– abiatuko da donostiarren lehenengo kontzertua. Hitzordua Euskal Echea eskolako kaperan izango da, Sarandi kaleko 735. zenbakian, arratsaldeko 7:30etan.
Birarekin jarraituz, urriaren 15ean eskainiko du abesbatzak bere bigarren kontzertua; emanaldia Tierra del Fuego probintziako Ushuaia hiriburuan izango da, iluntzeko 8etan, De la Merced Parrokian, bertako Miguel Echamendi apaiza nafarra laguntzaile. Kontzertuetako errepertorioetan era askotariko abestiak interpretatuko dituzte kantari euskaldunek, eliz musika eta Euskal Herriko eta mundu osoko folklorea barne.
Ibilbidearen azken geldialdia Argentinako ipar puntan izango da. Urriaren 19an, eta herrialdea utzi aurretik, ‘azken agurreko emanaldia’ eskainiko du koruak Iguazuko Grand Crucero hotelean. Euskal abesti tradizionalekin alaituko du abesbatzak afaria eta bakarlariek euren gustuko kantak abestuko dituzte.
EuskalKultura.com-i adierazi dionez,Gaztelupe Abesbatzak kontzertu sorta honetarako gonbitea luzatu nahi du, bereziki hiri bakoitzeko euskal kolektibitateari.