euskal diaspora eta kultura
2011/10/10
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Jo eta su ari dira lanean Necocheako euskaldunak Argentinako 2011ko Euskal Asterako dena prestatzen. Azaroaren 7tik 13ra izango da jaia. Egunotan Euskal Herrian dabil Necocheako elkarteko kide den Xabier Zubillaga, eta abagunea baliatuz, Gaztelubideko zuzendaritzarekin bildu da joan den astean Donostian. Gaztelubide soziedadearen egoitzen harrera egin zioten Jose Ramon Mendizabalek (Danbor Nagusia), Juan Mari Abadek (aurreko Danbor Nagusia) eta Javier Madariaga zuzendaritzako kideak. EuskalKultura.com bilerako lekuko izan zen.
Elkarte donostiarra bidaia ari da antolatzen Argentinako Euskal Astera, Necocheako danborradan parte hartzeko. Donostiako bisitari taldearen buru Juan Mari Abad izango da eta berak egingo ditu ongi asko ezagutzen dituen Danbor Nagusi lanak; izan ere, egungo titularrak, Jose Ramon Mendizabalek, ezin du joan. Azaroaren 10ean aterako dira eta hamar egun pasako dituzte Argentinako lurretan, Necocheaz gain beste leku batzuk ere bisitatuz. Irakurleren bat interesatua balego, bidaiaren programa eta bertan izena emateko kontaktuak, hemen.
Bandera igoera Necochean
Euskal Astearen programaren berri eman genuenean azaldu legez, donostiarrek larunbatean, azaroaren 12an, joko dute Necochean danborrada, Euskal Etxearen aurrean --"aurten Donostian bezala bandera igoera ere egin nahi dugu", aipatzen du Zubillagak--. Igandean, azaroaren 13an, Gaztelubidekoek elizaren aurrean joko den danborradan parte hartuko dute. Necocheako elkarteak ekitaldira biltzeko gonbitea luzatu die beste Argentinako beste zenbait euskal etxeetako danborradei ere, eta bertan izango dira gutxienez Mar del Plata, Bahia Blanca eta Buenos Aireseko danborrariak.
Esan beharra dago Necocheakoa, Argentinako donostiar danborradarik entzutetsuena dela. Urtarrilero ospatzen da zintzo-zintzo, sasoin horretan Hego Hemisferioan udaldi bete-betean eta udako oporren erdian badira ere. Necocheako euskaldun asko gipuzkoarren ondorengoak dira eta hortik etor daiteke jai donostiarrarekin duten grina; zaletasuna beste euskal etxe batzuetara zabaldu dute gainera. "Urtetik urtera gero eta gehiago dira San Sebastian egunean Necocheara etorri eta danborrada gurekin jotzen duten euskal-argentinarrak", azaltzen euskara jatorrean Xabier Zubillagak.
Entsegu 'negargarria'
Necocheako Euzko Etxeak harreman handia du, izan ere, Gaztelubiderekin, eta aurtengoa donostiarrek hara egingo duten bigarren bisita izango da. 2.000 urtean ere han izan ziren, Necocheak antolatu zuen beste Euskal Aste batean (aurretik Rosarioko Euskal Astean ere egonak ziren). Bisita haiek oroitzen hamaika kontu eta pasadizo dakarzkiete burura, adibidez, Juan Mari Abadek Necochean zuzendu zuen lehendabiziko entseguarena.
[Juan Mari Abad danborrada zuzentzen Necochean, 2000 urtean (argazkia JMAbad)]
Zubillagak ere ongi oroitzen du pasadizoa. "Normalean gurekin jotzen zuen Necocheako banda ezin izan genuen kontratatu eta berri bat hartu genuen. Lehendabiziko entseguan, Juan Mari buru zela, a ze arrabotsa!", gogoratzen du. "Juan Mari zuri-zuri gelditu zen! Izan ere, arratsalde hartan bertan jo behar genuen!", zirikatzen du Madariagak. Azkenean, nola edo hala, dena konpondu zen eta donostiarrek eta argentinarrek bikain jo zuten San Sebastian Martxa.
Japoniarra 'Haurtxo txikia' kantatzen
Madariagak beste pasarte bat dakar gogora: nola zur eta lur gelditu ziren afari batean neska japoniar bat zutik jarri eta 'Haurtxo Txikia' kantatzen hasi zenean. Zubillagak ere gogoan du, eta neska Buenos Aireseko Lagun Onak koruko kidea zela azaltzen du. "Erabat hunkituta geratu ginen, batek baino gehiagok negar ere egin zuen", erantzuten du Madariagak. "Asko han jabetu ziren euskal kulturak Diasporaz eta bertako euskaldunen balioaz eta esanahiaz".
"Izan ere, euskal historiaren, hemengo historiaren parte bat, han idazten da", baieztatzen du Zubillagak.
-Bidaiako egitaraua eta izena emateko xehetasunak, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus