euskal diaspora eta kultura
2012/02/29
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen Bilboko Alhondigan azken bost urteetan garatu duen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa. Komukabideentzako egin zen aurkezpenean Blanca Urgell Kultura sailburuak, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Juan Alberto Alonsok, Lucy Software Ibérica itzultzaile automatikoaren garapenaz arduratu den Bartzelonako enpresaren zuzendariak, eman zuten itzulpen tresnaren berri. Ondoren, Patxi Lopez lehendakariak ere parte hartu zuen jendaurreko aurkezpen-ekitaldian.
2008an jarri zen abian itzultzaile automatikoaren egitasmoa eta harrrezkero 553.432 euro inbertitu ditu euskal gobernuak. Are gehiago, iaz itzulpen automatikoa "eremu estrategikotzat" jo zuen Jaurlaritzak eta 1.600.000 euro inguru inbertitu dira beste bi itzulpen-noranzko gehiago garatzeko (euskara-gaztelaniara eta ingelesa-euskara) eta baita Itzulpen-memorien Banku Publikoa osatzeko ere. Azken hauek 2013 urterako prest egotea espero dute arduradunek.
Nola erabili
Gaztelania-euskarara itzultzaile automatikoa erabiltzeko nahikoa da www.itzultzailea.euskadi.net helbidera jotzea, itzuli nahi dugun testua koadroan idaztea eta itzuli botoia sakatzea. Testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria da eta webguneak ere itzultzen ditu.
Hala ere, gogoan izan behar da itzulpen automatikoa makina batek hitzez hitz egiten duela, eta ez dela perfektua. Dokumentu luzeak itzultzeko ezingo da baliatu momentuz, baina Eusko Jaurlaritzak barne lanetan erabiliko du, makinak egiten dituen itzulpenak zuzenduz, horrela sistema zuzendu eta hobetu arte. Horrek, epe labur-ertainera Interneten jarri den itzulpen-muga (1.024 karaktere) handitzea ekarriko du.
Beste sistema batzuk
Itzultzaile berri honetaz gain, badira sarean gaztelania-euskara itzulpenak egiteko beste tresna batzuk ere. Horietako bat da Matxin, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresak eta IXA taldeak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, garatu dutena. Sistema hau espainiar estatuko lau hizkuntzen arteko itzulpen automatikoa errazteko egitasmo orokor baten baitan sortu zen. Egun, Opentrad itzultzaile automatikoan integratuta dago.
Sistema hau doan erabili daiteke Opentrad.com helbidean; doako itzulpena egiteko aukera eskaintzen du zerbitzuak (euskaraz gain beste zenbait hizkuntzen arteko itzulpenak ere egin daitezke). Webgune honen bitartez Elekak enpresentzako arlo jakin bateko itzulpen zehatzago eta aberatsagoak egiteko zerbitzua ere eskaintzen du.
Azkenik, aipatu Google-en Translator tresnak eskaintzen duela gaztelania euskara eta euskara gaztelania itzulpenak egiteko aukera. Hala ere, itzulpenen kalitatea nahiko pobrea da, momentuz.
Oso polita. Zorionak garatzaileari. Baina gure buruari egiten diogun galdera: zergatik eman zaio dirua kanpoko enpresa bati, Euskadin bertan baldin badaude horretan dabiltzan ikerketa-taldeak eta enpresak?
jp, 2012/03/01 13:22
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus