euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaztelak Nafarroa indarrez hartu zueneko 500. urteurrenari buruzko hitzaldia gaur Iparraldeko EEan

2013/03/01

Joan den otsailaren 27an, Pescador Medrano irakasleak hitzaldi bat eman zuen San Miguelen (argazkiaEE)
Joan den otsailaren 27an, Pescador Medrano irakasleak hitzaldi bat eman zuen San Miguelen (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak gonbidaturik, Nafarroaren konkista, bere kausa eta ondorioak, hartuko ditu aztergai Aitor Pescador Medrano irakasleak. Hitzordua, Moreno kaleko erakundearen egoitzan izango da gaur, iluntzeko 7:30etan. Nafarroako Unibertsitateko ikertzailearen hitzaldi hau, baina, ez da Argentinako 2013ko bere biran lehena izango. Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko kide ere baden Pescadorrek Lapridako Lagunen Etxean eta San Miguelgo Askatasunaren Bidean ere eskaini zuen. Bi ekintzetan interes handia piztu zuen irakasleak bildutako lagun ugarien artean.

Buenos Aires, Argentina. Proposamen honekin ekingo dio hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak 2013ko ekitaldien egitarauari. "Gaztelak Nafarroa indarrez hartu zueneko 500. urteurrena" izenburupeko hitzaldia gaur bertan izango da Buenos Airesen, arratsaldeko 7:30etan.

Aitor Pescador Medranoren mintzaldiari beste hainbat ekintza jarraituko zaizkio datozen aste eta hilabetetan, tartean, zine zikloa, euskara eta dantza klaseak eta etxean jadanik klasikoak diren festa eta ospakizunak. Data eta ordutegi zehatzak finkatu bezain laster plazaratuko dute informazioa batzordeko arduradunek.

Aurreko bi hitzaldiak

Arturo Campion Ikasketa Guneko kidea den historialaria izanik, elkarte argentinar honen hamargarren urtemugaren ospakizunean hartu du parte azken egunotan Argentinan Aitor Pescador bilbotarrak. Otsailaren 12an burututako elkarteko urteroko bilerako partaide izateaz gain mintzaldi bat ere eskaini zion Lapridako komunitateari.

Aitor Pescador Medrano Lapridan 2013 01

[Aitor Pescador Medranoren hitzaldia Lapridan Arturo Campion Ikasketa Gunearen urtemugaren ekintzen programan burutu zen (argazkiaEE)]

Argentinako biraren baitan, Buenos Aires probintziako San Miguel hiria ere bisitatu zuen irakasleak. Bertan, Askatasunaren Bidea elkarteak antolatutako ekimenean, Nafarroaren historia, pairatu zituen erasoak eta haien arrasto eta ondorioak azaldu zizkien adituak Domingo Faustino Sarmiento Udal Liburutegira bertaratu ziren lagunei.

Aitor Pescador Medrano San Miguelen 2013 02

[Askatasunaren Bidea-k gonbidaturik, Pescador Medrano Nafarroaren Konkistari buruz mintzatu zen San Miguelgo Domingo Faustino Sarmiento Udal Liburutegian (argazkiaEE)]

“Hitzaldia interesgarria baino interesgarriagoa izan zen; xehetasun asko eta zehaztasun handiz aurkeztu zuen gaia, power pointa lagun. Kalitate handiko irakaslea da Aitor Pescador, jendea oso gustura geratu zen, liburutegiko zuzendari Maria Cristina Moreno Vera barne. Eta berari ere esker beroak luzatu nahi dizkiogu. Primeran hartu gintuzten liburutegian, adeitasun guztiz”, adierazi dio Askatasunaren Bidea-ko kide Horacio Marottok EuskalKultura.com-i.

Gai honetan murgildu eta ikuspuntuak partekatu nahi dituenak, gaur izango du aukera berria, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean, Moreno kaleko 1370. zenbakian, arratsaldeko 7:30etan. Sarrera doakoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia