euskal diaspora eta kultura
2014/02/18
PUBLIZITATEA
nMontreal, Québec. Pozik agertu dira Quebeceko Euskaldunak euskal etxekoak iragan otsailaren 2an egin zuten Santa Ageda eguneko festa eta kantaldiarekin eta kronika eder hau bidali digute, euskaraz gainera!
"Erratza-makilak eskuetan, jatekoa poltsan, panderoa zorroan, trikitia kutxan eta hotza airean. Halaxe iritsi ginen otsailaren 2an Euskal Etxera, Santa Ageda ospatzera. Zergatik ez, ezta? Kantatzea eta jatea. Horra, euskal kulturan estu lotuta dauden bi ekintza, bi ohitura, guk biziberritu asmo genituenak, edo, hobeto esanda, lehenengo aldiz ospatu asmo genituenak. Izan ere, aurten, lehenengo aldien urtea da.
6ak aldean bildu, jan, kalakan aritu eta, halako batean, entsegutxo bat egin genuen. Santa Agedari lotutako kanta ugari dauden arren, aurten bi aukeratu genituen, lehenengo aldia zela-eta samur-samur hasteko.
Entsegua amaitu ostean, kalean gora abiatu ginen, l’Escalier tabernarantz, trikiaren eta panderoaren soinuak lagunduta. Bai arraroa, bai atsegina, kalejira Montrealen! Baina, aizu, zergatik ez!
[Trikitixa eta panderoarekin abestiak entsaiatzen Montrealeko kaleetara atera aurretik (argazkia QuebecEE)]
Tira, ailegatu ginen, nolabait, tabernara. Arratsalde hartan, hainbat emanalditxo zeuden (izan ere, agertokitxo bat dago tabernan), eta, beraz, jende ugari zegoen. Mahai handi bat hartu, garagardo-pitxar batzuk eskatu eta gure txandaren zain egon ginen.
Kalejira batekin agertu ginen agertokira. Arratsalde on esan, jendeari abestien letrak eman eta abesten hasi ginen. Lehenik eta behin, “Zorion etxe huntako denoi” aski serioa, eta, gero, “Egun da Santi Mamiñe” alaixeagoa. Azken kanta horrekin utzi genuen agertokia.
[Giro bikaina jarri zuten Quebec-eko Euskaldunak elkarteko gazteek (argazkia QuebecEE)]
Antza denez, jendea harrituta utzi genuen. Zenbait quebectar etorri zitzaizkigun azalpen eske, atsegin egin zitzaiela baina ez zutela deus ere ulertu. Horrexegatik eskatu ziguten jendeari azalpentxo bat emateko: zer hizkuntzatan abestu genuen, Euskal Herria non dagoen eta abar. Gure Amaia alai eta indarrez betea eta Marie hitzetan abila aritu ziren azaldu beharrekoak azaltzen.
Giro goxoa, “herrikoia” eta euskalduna sortu genuen. Izan ere, euskalduna izateak ez du zertan loturarik izan lurraldetasunarekin: euskara duena da euskalduna.
Mila esker Santa Ageda antolatzen lagundu duzuen guztioi eta parte hartu duzuen guztioi; bereziki, Amaiari. Hura izan da gure gidari eta zaindari!
Hurrengo urtean, abesti gehiago egingo ditugu, bi edo hiru ahotsetan, agian!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus