euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gazte Alai taldeko dantzari argentinarrek Bankan hasi zuten Euskal Herrian egiten ari diren emanaldi bira

2013/07/15

Necocheako Gazte Alai dantza taldeko kideak eta Euskal Herrian harrera egin dieten lagunetako batzuk (argazkia HatorHona)
Necocheako Gazte Alai dantza taldeko kideak eta Euskal Herrian harrera egin dieten lagunetako batzuk (argazkia HatorHona)

PUBLIZITATEA

Euskal emigranteek aspaldi Argentinara eraman zituzten dantzak hil honetan Euskal Herrira bueltatu dira, Necocheako Gazte Alai taldeari esker. Belaunaldiz belaunaldi, sorterritik urrun gordetako eta landutako dantzak arbasoen etxean erakutsiko dituzte gazte hauek, Hator Hona kultur truke egitasmoaren baitan. Gazte Alairen bira larunbatean hasi zen Bankan eta, besteak beste, Irurtzunen, Donostian, Tolosan, Pasaian, Bergaran eta Lemoan ere arituko dira.

Donostia-San Sebastián. Gazte Alai dantza taldeko gazteak Euskal Herrian dira bigarren aldiz, Hator Hona kultur trukearen baitan antolatu den bira egiteko. 2004az geroztik urtero Euskal Herriko gazte batzuk Necochean euskal kultur irakasle aritu dira, programa honi esker. Orain, argentinarrak izan dira Euskal Herrira etorri direnak eta bidaia antolatzeko urte hauetan Necocheatik igaro diren gazteen laguntza izan dute. Egitasmoak Atlantikoaren bi aldeetako euskal gazte hauen artean harreman estua sortu du eta bira hau da, hain zuzen ere, trukearen emaitza ederrenetako bat.  

"Lagun asko eta asko ari dira sostengua ematen; Hator Honan parte hartu duten lagun asko, baina baita ere Necocheatik beste zerbait dela eta igaro ziren gazte asko...", azaldu dio EuskalKultura.com-i Gazte Alaiko Marcial Agostini Zubillaga dantzariak. Necochean ere babes zabala du ekimenak, bai Euskal Etxearen aldetik eta baita herriko udalaren aldetik ere (ekimenari Interes Publikoa aitortu diote eta dantzariak hiriko Kultur Enbaxadore izendatu dituzte).

Euskal Herrira etorri den dantzarien ordezkaritza honakoek osatzen dute: 11 mutil --Ignacio Alustiza, Francisco Alustiza, Marcial Agostini Zubillaga, Manuel Picon, Fermín Picon, Juan Pedro Esnaola Azcoiti, Juan Manuel Yacomini, Ignacio Esnaola Azcoiti, Francisco Picardi, Iñaki Agostini Zubillaga eta José Ignacio Picardi-- eta 9 neska --Jimena Zubillaga, Lurdes Zubillaga, Milagros Calle, Agustina Cercedo, Catalina Galman, Lucia Ibarguen, Mercedes La Torre, Carla Peucelle eta Ainhoa Agostini Zubillaga.

Bankatik Lemoara

Taldeak larunbatean abiatu zuen bira, Bankan (Nafarroa Beherea) egin zuen emanaldi batekin. Erakustaldia azken unean antolatutako ekitaldia izan zen, "Banka herria ohoretan" jaialdiaren baitan. Asteartean, uztailaren 17an, Irurtzungo jaietan izango dira, txupinazo osteko kalejiran dantzari, eta arratsaldeko zortzietan emanaldia eskainiko dute. Uztailaren 20ean Tolosan dantzatuko dute, Udaberri taldearekin batera, eta biharamunean Donostian, Gros auzoko Zipotz jaietan.

Uztailaren 25ean Bergaran emanaldia egingo dute (bertan dute, gainera, bidaia honetako egoitza nagusia) eta hilaren 28an Pasai Donibaneko jaietan ariko dira, Pasai Antxoko Alkartasuna taldearekin. Lemoan emango diote amaiera birari, uztailaren 31n, San Inazio jaietan.

Lagunekin eta senideekin elkartzea

Emanaldiez gain, argentinar gazteek Euskal Herria ezagutzeko eta euskal kulturan murgiltzeko baliatuko dute bidaia. "Iruñeako Sanferminetan izan gara, Gasteizen Zeledonen jaitsieran egongo gara, Gernikara ere joango gara...", adierazi du Marcialek.

"Gehienentzako Euskal Herrira datozen lehen aldia da eta euren familiaren sorterria ezagutzeko baliatuko dute, eta senideak aurkitzen saiatuko dira. Eta, batez ere, hemen ditugun lagunekin elkartzeko eta eurekin ahalik eta esperientzia gehien bizitzeko aukera probestea da gure asmoa. Beraiek gabe hau guztia ezinezkoa litzateke", gaineratu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia