Bahía Blanca, Argentina. Asteburu ekitaldiz bete-bete baten hasieran gaude eta gaur apurka-apurka joango dira iristen delegazio eta norbanakoak Argentina osotik eta baita ondoko herrialdeetatik eta Euskal Herritik ere, gaur gauez eta bihar zein etzi Hego Konoko euskal komunitateen elkarretaratze behinenari ekiteko. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gorka Alvarez Aranburu heldu zen atzo arratsaldean; eta Europako bisitarietako gehienak hemen dira dagoeneko. Uruguaiko Euskal Erria Euskal Etxeko kideekin egin genuen topo, eta baita ere Euskal Herriko zenbait lekutatik etorritako bisitari eta partaideekin.
Euskal Asteko ekitaldiak ofizialki joan den asteko larunbatean hasi baziren ere, ohi bezala, gaurtik aurrera garatuko den bigarren asteburua da benetan jendea ugari eta ekitaldi potoloak bilduko dituena.
Honako bideoa Union Vascan asteazken gauean bizi izan zen giroa isla izan daiteke, Xabi Aburruzaga, musikariak eta bertako lagunak partaide:
Xabi Aburruzaga eta musika talde inprobisatua Euskal Etxean 'Guk euskaraz' kantari
Atzo osteguna, Bahia Blancara Euskal Astean parte hartzeko heldua den Oñati Ganbara Abesbatza aritu zen kontzertuan, hiriko Ensamble Lírico korala anfitrioi Rivadavia Liburutegiko antzokian. Emanaldian eta ondotik Euskal Etxean jasotako pare bat bideo da datozen lerroetara bildu dizueguna.
Oñatiko Ganbara Abesbatza atzo "Euskal Herri nerea" kantuaren koru bertsioan (mold. J Guerrero)
Jendea Txoria txori kantua inprobisatzen atzo Union Vascaren egoitzan, afaltzen ari zela
-Azken aldaketak segitzeko, Union Vasca Facebooka: https://www.facebook.com/unionvasca