New York, AEB. New York City Basque Film Festival jaialdia gaur arratsaldean abiatuko da Manhattanen, Asier Altuna zuzendariaren 'Amama' hirugarren film luzearekin. Azaroaren 12an, asteartea, 'Margolaria'ren txanda izango da, Oier Aranzabalek 2018an zuzendutako dokumentala. Telmo Esnalek zuzendutako 'Urte Berri On, Amona!' Izango da hurrengo filma, azaroaren 13an, asteazkenean. Azkenik,.'Jai Alai Blues'ek itxiko du jaialdia, Gorka Bilbao zuzendariaren eskutik.
Jaialdiaren saio guztiak hiriko Village East Cineman (181-189 2nd Ave, New York, NY 10003) egingo dira, eta doakoak izango dira. Euren euskarazko jatorrizko bertsioak emango dira, ingelesezko azpitituluekin. Eusko Jaurlaritzaren AEBetako Ordezkaritza du antolatzaile, Etxepare Euskal Institutua lankide.
Sarrerak hemen erreserba daitezke: https://basquefilm.webly.com/#films
Programa
- Astelehena, azaroak 11 (18:30): Amama (2015)
- Asteartea, azaroak 12 (18:30): Margolaria (2018)
- Asteazkena, azaroak 13 (18:30): urte Berri On, Amona! (2011)
- Osteguna, azaroak 14 (18:30): jai Alai Blues (2016)
- Eusko Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkaritzak antolatu du jaialdia, Etxepare Euskal Institutua
Euskal zinemak New York hiria bisitatuko du udazkenean, New York City Basque Film Festival izeneko jaialdiaren eskutik. Zinema eta euskal kultura gustuko dutenek azaroaren 11tik 14ra bitartean ikusi ahal izango dituzte filmak, Manhattan uharteko Village East Cinema areto historikoan. Hitzordu honek AEBetako hiririk jendetsuenean euskal zinemak azken urteotan emandako lan interesgarri batzuk erakusteko balioko du; tartean, fikziozko bi film luze eta bi dokumental.
Azaroaren 11n hasiko da egitaraua, astelehenarekin. Egun horretan, Asier Altuna zuzendariaren Amama hirugarren film luzea proiektatuko dute, 2015ean Donostiako Zinemaldian Irizar sariaren irabazle izandakoa. 103 minutuko iraupena duen film honek familia baten istorioa kontatzen du, desagertzeko arriskuan dauden baserrietako landa-bizitzaren eta hiri-bizitzaren arteko gatazka eta aitona-amonen eta biloben arteko belaunaldi-talka ardatz hartuta.
Azaroaren 12an, asteartea, Oier Aranzabalek 2018an zuzendutako Margolaria filmaren txanda izango da. Mikel Urdangarin abeslariaren eta Alain Urrutia margolariaren arteko solasaldi batekin hasten da dokumental hau. Azken horrek bere obra bat oparitu nahi dio musikariari, baldintza bakar batekin: Londresera joan dadila bere bila barkuan, margolana bere etxera ekartzeko. Urdangarinek
egingo duen bidaia horrek, autore ororen buruan eta artista baten sorkuntza prozesuan murgiltzera eramango du ikuslegoa.
Telmo Esnalek zuzendutako Urte Berri On, Amona! izango da jaialdian eskainiko duten hurrengo lana, azaroaren 13an, asteazkena; eta komedia ukitua emango dio hitzorduari. 2011ko film honek hirugarren adinekoen eta zahar egoitzen gaia jorratzen du, umore kutsu batez lagunduta; eta Nagore Aranburuk, Joxean Bengoetxeak edota Kontxu Odriozolak parte hartzen dute bertan, besteak beste.
Amaitzeko, Gorka Bilbao zuzendariaren Jai Alai Blues dokumentalak itxiko du New Yorkeko Euskal Zinema jaialdiaren edizio hau. Lan honek zesta-puntaren edo, Estatu Batuetan ezagutzen den moduan, Jai Alai kirolaren historia harrigarria kontatzen du; hain zuzen ere, euskal kirol honek ospe handia lortu baitzuen herrialde horretan. Zesta-puntako hainbat kirolariren biografian oinarritutako filma da, eta bi kulturen, euskal kulturaren eta estatubatuarraren, onena biltzen du.
Lehen edizioa izango duen jaialdi hau Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetan duen Ordezkaritzak antolatu du, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, eta euskara, euskal kultura eta zinema AEBetara hurbiltzea du helburu nagusi. Emanaldi guztiak euskaraz egingo dituzte, ingelesezko azpitituluekin. 500 ikusle inguru espero dira New Yorkeko euskal komunitateko kideen eta bertako zinemazaleen artean.
Datu teknikoak:
Datak: 2019ko azaroak 11,12,13 eta 14
Lekua: Village East Cinema (181-189 2nd Ave, New York, NY 10003)
Prezioa: Doakoa (Erreserbak webgune honen bitartez: https://basquefilm.weebly.com/)
Egitaraua:
Astelehena, azaroak 11 (18:30): Amama (2015)
Asteartea, azaroak 12 (18:30): Margolaria (2018)
Asteazkena, azaroak 13 (18:30): Urte Berri On, Amona! (2011)
Osteguna, azaroak 14 (18:30): Jai Alai Blues (2016)