Bizanos, Frantzia. Irailaren 29tik urriaren 1era —gaur ostiraletik etzi igandera— Biarnoko Bizanos herriak, Paue ondoan, Festi 'Choeurs 2023 jaialdi artistikoren abegileku izango da, Paueko Lagut eta Maita (LEM) Euskal Etxea antolatzaile. Jaialdian euskal zein biarnes abesbatzak arituko dira, hala nola LEM euskal etxe anfitrioiko hiru abesbatzak —Basa Andere, Hegaldia eta Abesbatza Mistoa—, Eresmin koru donostiarra eta beste zenbait gonbidatu, hala nola Cantem Las, Bizanosko Musika Eskola eta Los Chuchos. Baita LEMeko Dantz' Erroak dantza taldea ere.
Kontzertu guztiak Bizanosko elizan egingo dira. Gaur arratsaldekoan, 20:00etan, sarrera bost euro, Basa Andere, Cantem Las eta Los Chuchos-ek kantatuko dute. Bihar, larunbata, ordu eta leku berean, sarrera 10 euro, Hegaldiak, Bizanosko Musika Eskola eta En Dandanen txanda izango da. Azkenik, igandean, 10:30etan meza izango da nahi duenarentzat eta 12:30etan herri bazkaria Balavoine aretoan (20 euro). Ondoren, arratsaldean, 16:00etan kontzertuak (12 euro) Lagunt eta Maitako Abesbatza Mistoa eta Eresmin abesbatza donostiarra izango ditu p`rotagonista, LEMeko Dantz'Erroak dantza taldeak ere ikuskizuna aurkezturik.
Hiru kontzertuetarako sarrerak 20tan salduko dira. Hiru kontzertuak gehi bazkaria 37 euro (Lagunt eta Maitako bazkideentzat) edo 42 euro (bazkide ez direnentzat). Sarrera eta pase guztiak hemen eros daitezke.