euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur uztailaren 6a hasiko dira Diasporan Sanferminak: birtualak baina betiko gogo eta atxikimendu biziaz

2020/07/06

2020ko San Ferminetan, Mendozako Nafar Etxeko txikien irudiak
2020ko San Ferminetan, Mendozako Nafar Etxeko txikien irudiak

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Kolokan du ipini du mundu osoa birus honek… lagun eta ahaideekin fisikoki elkartzeko aukera ere kendu digu. Baina inondik ere ez digu kenduko ospatzeko gogo eta borondatea; teknologia berriei esker, distantziak gainditu eta Sanferminak gogo eraberrituz ospatuko dituzte Diasporako lagunek.

Iruñekiko distantzian ospatzera ohituta, kasu gehienetan bakoitza bere etxetik ospatzea ez da hala ere gauza bera izango. Baina 2020a ez da batere sanferminik gabeko urtea izango. Munduko nafar eta euskal etxeek euren programa birtualak prest dituzte, tradizioari jarraituz, txupinazoa, musika eta dantza, koadrila topaketak eta nola ez, zezenak barne

Gaur hasiko dira ospakizunak munduko bazter askotan.

SALTO, URUGUAIN

Azken orduan etorritako konfirmazioa da. Pandemiaren ondorioak nahiko menperatuta omen ditu Uruguaik eta hori dela eta bertako Udalak eman berria dio Saltoko Euskal Etxeari San Ferminen omenezko jaia egiteko baimena. Antolaketa lanetan ari dira beraz; Euskal Etxeko sukaldariak hasteko prest daude eta topaketa uztailaren 11an egiteko asmoa dute. "11an ez bada, 18an", baieztatu digute.

BOLIVAR, ARGENTINAN

Nahiz eta Bolivarren Covid-19 kasurik ez egon, prebentzio neurriak behar bezala betetzen dituzte eta aurten bertan behera utzi du Bolivarko Nafar Etxeak aurrez aurreko festa. Baina Argentinako gainerako nafar etxeek bezala, hainbat eduki partekatuko dituzte sareetan. Aurreko urteetan egindako txupinazoekin –bideo batera bilduta– hasiko dituzte gaur ekitaldiak. Nafar Etxeko ‘Raíces Navarras’ abesbatzak eta elkarteko dantzariek hartuko dute parte egunero argitaratuko duten materialean. Topagune birtualak, hauexek: Centro Navarro Bolívar, Facebook-en, eta Centro Navarro Bolívar, Instagram-en.

BUENOS AIRES, ARGENTINAN

125 urteko ibilbidea duen Buenos Aireseko Nafar Etxeak ere gaur ekingo die ospakizun birtualei. Programa oso zabala da, agurrak, musika eta dantzak, sukaldaritza, kirola, jaiaren historia eta buruhandi eta erraldoiak barne. Programa osoa, hemen.

Facebook: Centro Navarro de Buenos Aires
Instagram: Centro Navarro

ROSARIO, ARGENTINAN

Santa Fe probintziako Nafar Etxearentzat ere jai kuttunena da San Fermin. Aste osoan zehar ospatzen dute urtero eta 2020 ez da salbuespen izango. Elkartekideak buru belarri ari dira ekintzak prestatzen eta honako sare hauetan ikusi ahal izango da ondoko programa:

Youtube: Centro Navarro Rosario
Instagram: @centronavarrorosario
Facebook: @centronavarrorosario

Uztailaren 6an, astelehena:
-10etan, bideo instituzionala lelo honen pean: “San Ferminak bihotzean daramatzagu. Eta bizi ditugun bezala sentitzen ditugu. Jai birtualetara gonbidatzen zaituztegu, ospakizun apal batez baina ospatu, ospatu egingo dugu”
-11etan, agurrak
-12etan, Txupinazoa
-21etan, lagunarteen afaria: etxetik, ohiko "Calderetea" prestatuko dute 

Uztailaren 7an, asteartea
-10etan, omenaldia hildako bazkideei
-11etan, San Ferminen omenezko prozesioa. Bideoa Rosarioko Maria Auxiliadora elizatik
-19etan, pintxoak, norbera bere etxetik

Uztailaren 8an, asteazkena
-17etan, lagunarteak eta pankartak
-18etan, Erraldoi eta Buruhandien dantzak
-19etan, azken urteetako entzierroen bideoak, lagunarteen musikak lagunduta
-21etan, Nafar Etxeko adituek ohiko "Jamonada" plater tipikoa nola prestatu azalduko dute

Uztailaren 9an, osteguna
-00etan, Argentinako ereserkia
-12etan, Nafar Etxeko helduek Argentinako Independentziari buruz prestatutako jolasa
-16etan, Txokolatea eta txurroen errezetak
-17etan, Argentinako Independentziaren ospakizuna: bertako dantza eta janari tipikoak

 Uztailaren 10ean, ostirala
-17etan, Nafar Dantzen bideoak, Argentina osoko nafar etxeetako taldeak, Iruñeko Ortzadar taldea lagun
-19etan, kirola: pilota-paletaren historia

 Uztailaren 11an, larunbata
-15etan, Mus Topaketa
-18etan, Kultur ekitaldia: musika, historia eta nafar argentinarren pasadizoak Nafarroatik hurbilago sentitzeko

Uztailaren 12an, igandea
-17etan, txikien eguna. Ipuinak, dantzak, jolasak, Nafar Etxeko neska-mutilek egindako irudien aurkezpena

Uztailaren13an, astelehena
-17etan, bideoa: Nafar dantzariek ‘Hogar Español’ delakoari bisita egin ziotenekoa
-18etan, Dantza taldearen eta ‘Fermin Sanchotena’ Txistu Eskolaren emanaldi onenak bideo batera bilduta

Uztailaren 14an, asteartea
-17etan, Festaren amaiera: “Gaixoa ni!” bideoa

Egunero, beste hainbat eduki partekatuko dituzte #sanfermínonline eta #LosViviremos hashtag-ekin

MENDOZA, ARGENTINAN

Mendozako Nafar Etxea duela aste pare bat hasi zen ospatzen bere sareetan: inkesta bat zabaldu zuen Nafarroako hirien artean onena zein den erabakitzeko, afixa lehiaketa, umeen irudiak… Proposamenek astean zehar jarraituko dute:

Facebook-en, Centro Navarro de Mendoza
Instagram-en, Centro Navarro de Mendoza

Mendozako Euskal Etxeari dagokionez, Youtube kanal berria inauguratzeko ‘San Fermin 2020’ izeneko bideo lehiaketara deitu zuten (informazio gehiago hemen). Astean zehar ere igoko dituzte proposamenak sare sozialetara, Uztailaren 7an, iluntzeko 8etan hasita. Jaia Instagram-en eta Facebook-en jarraitu ahal izango da, biak @centrovascomendoza kontuan. Ospakizuna uztailaren 14an bukatuko da.

SHANGHAI, TXINAN

Shangaiko Euskal Etxeak, Pura Vida elkartearekin batera, uztailaren 11an ospatuko du, aurrez aurreko festa batekin. Euskal Etxean eta arratsaldeko 5etan hasita, txupinazoak emango dio hasiera jaiari. Kalimotxoak, sangriak, patxaranak, bertso lehiaketak eta zapi gorriek girotuko dute Euskal Etxe txinatarra, Deia egunkarian irakurri dugunez.

CARACAS, VENEZUELAN

Venezuelako hiriburuko Euskal Etxearentzat jai garrantzitsua da San Fermin. Izan ere zezenak eta guzti ospatu ohi dute. Aurtengo proposamena gaurko baldintzetara egokitu behar izan dute, baina ospatu ospatu egingo dute.

-Uztailaren 7an, asteartea, Instagram-eko filtroak estreinatuko dituzte. Programaren aurkezpena
-Uztailaren 9an, osteguna, Bilbotik Zurbaran-en musika, streaming-en bidez
-Uztailaren 10ean, ostirala, Anakena delako venezuelar musika taldearen kontzertua. Diasporako kide den Mikel Maury da taldeko ahotsa
-Uztailaren 11an, larunbata, Sukaldaritza Lehiaketa etxetik: tortilla originalena

Astean zehar edukiak partekatuko ditu Euskal Etxeak bere sare sozialetan. Ekitaldiak Centro Eusko Etxea de Caracas Instagram-eko kontura igoko dira.

Zeure elkarte edo euskal etxeko ekitaldien berri bidali nahi badiguzu, info@euskalkultura.com helbidera idatz dezakezu. Gora San Fermin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia