Buenos Aires, Argentina. Urtarrilaren bata, otsailaren bia…Zalantzarik gabe, San Fermin Euskal Herriko mugak gehien gainditu dituen festa eta ospakizunetako bat da, mundu mailako ospe eta protagonismoa hartuz, gure Diaspora dagoen herrialdeetan atxikimendu eta segimendu maila altua lortuta, hasteko Argentinan, bertako hainbat hiritan isla baitauka eta bategite eta partaidetza lortzen baitu. Nafar etxeek, euskal etxeek eta elkarte euskaltzaleek, Iruñeko txupinazoa EiTB edo RTVEko transmisioetan segitzen dute, askotan euren txupinazio propioak ere gauzaturik. Gaurtik aurrera, hamaika programa eta ekitaldi medio ospatuko dute, musika, dantza eta batez ere umore ona lagun.
Gure agendan hitzordu hauetako hainbat segitu ahal izango dituzu, gaurtik hasita bi aste barru uztailaren 14, 15 eta 16ko astebururaino, gogoan hartu behar baita askotan Diasporako datak eta ahalak ez direla guztiz doitzen festa originaletakoekin. Bai, ordea, izpiritua. Venezuelan, aurten, Caracaseko Eusko Etxeak indar eraberrituz berreskuratu du bertan egiazko bigantxekin korritzen zuten entzierroa eta guzti antolatzen zituzten Sanferminak. Zezenik eta egiazko aradunik gabe, Boisen azken urteotan arrakastaz antolatzen dute, hiriko Basque Block-en, ingelesez 'Running of the bulls' deitzen dutenaren ordez, 'Running of the bars', San Fermin poteo moduko bat, jendea zurigorriz jantzita eta San Fermin musika lagun, aurtengoan kaleko dantzaldia ere izango duena, lehenengoz Jean Flesher buru duen Amerikanuak bandako erritmopean, tartean garai batean euskal erromerietan ohikoak ziren pasodobleak eta guzti.
Ez dugu artikulu panoramiko honetan sobera xehetasunetan sartzeko asmorik, hitzorduak banan bana bilduz, baina bai deialdi horietako batzuk hona ekarriz Sanferminek Diasporan daukaten oihartzunari gainbegirada bat eman. Valentziako Laurak Bat euskal etxeak bat egingo du larunbatean, San Fermin peñei buruzko hitzaldi bat iragarriz ondoren festari ekiteko, pintxopote bat ere tartean. Aste osoko programek gorazarre egingo diote festari, esaterako Espainiako estatuko nafar etxeetan, hala nola Bartzelona, Cantabria, Burgos, Valladolid edo Zaragozan, besteak beste, ahaztu gabe gauza bera egingo dutela Barakaldo, Bilbo edo Gasteizkoetan, konparazio. Kubatik, ospakizunera bilduko dira La Habanako AVNB edo Asociación Vasco Navarra de Beneficencia elkartekoak, 1877an sortutako erakundea, San Fermini lotutako filmak emanez, musika eta euren dantzariekin, igandean San Fermin topa-egite bat ere antolatuz.
Uruguain ere bat egingo dute festarekin, esaterako Santon, Saltoko Euskaldunen Taldea elkarteko lagunek, bazkideak gehienbat nafar jatorrizkoak dauzkatela, larunbatean musika, dantza, taberna eta baita San Fermineko karaokea ere osagai. Edo Montevideon, hiriko Euskaro EEkoek, hauek ere bazkideak bereziki nafarrak, 1911tik hona, 2023ko San Fermin ekitaldiak uztailaren 16an egingo duten senidetasun bazkari batekin eta topa egite batekin burartuko dituztela.
Argentinan hauek dira San Fermin ospatzeko antolatutako hitzorduetako batzuk:
- Bolivarreko Nafar Etxea: 'San Fermin' izeneko Pilota Paleta Txapelketa egingo dute hiriko Merkataritza Enplegatuen Frontoian, baita Mus Txapelketa ere, elkartearen egoitzan. Egitarauko azken egunean, uztailaren 15ean, berriz, meza San Ferminen omenez, elkarteko Raíces Navarra abesbatza eta dantzariak partaide; eta 21:30etik aurrera afaria eta dantzaldia, artikulu nafarren zozketa, eta berriro ere etxeko dantza taldearen eta abesbatzaren emanaldia, DJ baten musikarekin amaitzeko, Diego Sarchione DJren eskutik.
- Buenos Airesko Nafar Etxea: uztailaren 7an, 19etan, 'San Fermin' Pilota Txapelketa. Uztailaren 8an, 16etan, San Ferminetako Txokolatea, 17etan, dantzak eta musika, 18etan hitzaldia, Mikel Ezkerro hizlari. Uztailaren 16an, Txupinazoa, dantza tradizionalak kalean, eta bazkaria, 17etan, Gaixoa ni.
- Mendozako Nafar Etxeak Sanferminetako Paella Handia eskainiko du uztailaren 16an, igandean, 12:30etan, Balear Uharteetako Etxean. Bazkaria artistek animatuta izango da. Eta urtero bezala Rosarioko Nafarroako Etxeak ere bat egingo du ospakizunekin, jai egitarau oso bat antolatuz urteko bere elkarretaratze nagusian.
- Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak afaria antolatu du bere egoitzan uztailaren 7an, ostiralean, 21: 00etan.
- Puerto Madryn-en, Etorritakoengatik euskal etxeak ziklo instituzional berri bati hasiera emango dio Sanferminei buruzko hitzaldi batekin Puerto Madryngo Kultur Etxean, uztailaren 7an, ostiralean, 19:30etan.
- Ayacuchoko Euskal Odola elkarteak afari eta dantzekin ospatuko du uztailaren 8an, larunbatean, 21:30etan
- Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak uztailaren 8ko gauean hasiko du bere San Fermin ospakizuna, Sanferminetako euskal musika eta dantzekin, eta gauerdia pasata, uztailaren 9an, Argentinako Independentziaren Eguna bertako folkloreaz animatuko du.
- Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteak San Fermin ospatzeko uztailaren 7an, ostiralean, arratsaldeko 20etan egingo den zine topaketara zuri gorriz jantzita joateko deia egin du. Paul Urkijoren "Irati" proiektatuko da.
- Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak elkarteak uztailaren 8an egingo du San Fermin afaria, musika ikuskizunarekin.
- La Platako Euzko Etxeak, uztailaren 9an, 12etan, bazkaria antolatu du erakundearen egoitzan.
- Tres Arroyoseko Hiru Errekak uztailaren 8an, 21etan, San Fermin afaria egingo du.
- Pergaminoko Lagun Onak elkarteak San Nicolaseko Euzkal Etxeko lagunekin batera ospatuko du. Uztailaren 8an, larunbatean, goizeko 11etan, jaia San Nicolas eta Av. de Mayo kaleetan hasiko da. Musika, dantzak eta danborrada aurkeztuko dituzte. Ondoren, bazkaria egingo dute Euskal Etxearen egoitzan.
- Paranako Urrundik elkarteak uztailaren 7an, ostiralean, ospatuko du, 21etan. Txupinazoa eta afaria egingo dituzte, dantza taldea aurkeztuko da eta gonbidatutako artistek alaituko dute gaua
- Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak Gaztedi Zutik dantza taldeak antolatutako taberna-gauerako deia egin du. Rosarioko Centre Català elkarteko Esbart Dansaire Terra Nostra dantza taldeak parte hartuko du.
- Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak San Ferminak uztailaren 16an ospatuko du, igandean, Martxa Aretoan, eta zapi gorria ez ahazteko eskatu dute.
Beste hamaika lekutan ere izango dira San Fermin ospatzeko deialdiak, Trelew, Chivilcoy, Tandil eta skoz ere gehiagotan, Argentinan zein munduan barrena. Xehetasunak iritsi ahala joango gara eskaintzen. Lerro hauetatik, EuskalKultura egiten dugunok ere bat egiten dugu festen izpirituarekin, bat eginez baita ere gaur eguerdiz Iruñeko Udaletxetik jaurtiko duten oihuarekin: Viva San Fermin, gora San Fermin!