Donostia-San Sebastian. "Zorion, etxe hontako denoi! Oles egitera gatoz, aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz. Ez gaude oso aberats diruz, ez eta ere oinetakoz. Baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz" dio Santa Ageda bezperan Euskal Herrian eta Diasporako leku batzuetan segitzen den tradizioko kopla eta usadio zaharrak. Gaurko gauari --otsailaren 5eko bezperari-- dagokio plazaratu eta etxerik etxe edo lekutik leku kopla kantatzea, baina aurten pandemiak eragotzi badu ere, ohitura eta data gogoan eduki nahi izan ditugu, eta norberak bere etxetik bada ere, kantatu, datorren urtean berriz ere lagunekin bilduta indar handiagoz ospatu ahal izatea gogoan.
Horretarako, aurreko edizioetako pare bat bideo hautatu ditugu, Lehenengoak, Estatu Batuetako Boise hirira hurreratuko gaitu. Bertako euskal auzoan, Santa Agedako koplak kantatzen dituen taldea makilak eskuetan Leku Ona taberna barnean kopla kantari erakusten du, bertan egindako geldialdian.
Boiseko Santa Agedako taldea hiriko Leku Ona tabernan kantuz (bideoa EuskalKultura.eus)
Bigarren bideoak, berriz, Madrilgo Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Santa Ageda ekitaldira bertaratuko gaitu, hitzordu hau ere bertan behera utzi behar izan delarik aurten. Hona iazko edizioari dagokion bideoa:
Iazko Santa Ageda: Madrilgo EEko abesbatza, Jose Luis Zamanillo zuzendari, Plaza Nagusian (bideoa EE)
Biziki eskertzen diegu bi taldeei urtero euskal ohitura zahar hau berritzen duten lagunei. Txikitan ikasi eta nonahi bizi direla ere atxiki eta biziarazten dituzten lagunei.
Eta zeuk ere, irakurle, bideoak ikustean bat egiteko tentazioa izango bazenu, artikulu honen hasieran ipini ditugun hitzak, koplen hitzak gogoratuko dizkizugu, agian inork begiratzen ez dizun honetan zerorrek ere kanta ditzazun. Badaezpada bakarrik. On egin!:
"Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ez eta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz"
Eup!