euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur lehertuko da Necochean 2023ko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko asteburua: eman begiratua programari!

2023/11/10

Necocheako Euzko Etxearen egoitzako aurrealdea ostiralean, Euskal Asteko asteburuaren hastapenean, bi banderak buru
Necocheako Euzko Etxearen egoitzako aurrealdea ostiralean, Euskal Asteko asteburuaren hastapenean, bi banderak buru

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Joan den astelehenean ofizialki abiatu eta inauguratua izan ostean, 2023ko Euskal Argentinar Aste Nazionalak harrera egingo die gaur Necocheako Euzko Etxearen egoitzan Argentina osotik, beste zenbait herrialdeetatik eta Euskal Herri beretik bertaratuko diren ordezkaritzei, guztiak Argentinako euskal gizataldearen urteroko hitzordu behinena den honetako azken txanpan parte hartzera helduak, euskal festa, sentimentu eta nortasuna lokarri. Hiriko Euzko Etxea antolatzaile, ehundaka pertsona bildu dira asteko lehenengo egunetan, motorrak berotzen asteburuari begira eta atzo ostegunean bertan, Euskal Herritik etorritako Aukeran dantza taldeak txalo zaparrada atera zion euskal egoitzan bildutako publikoari, egunari amaiera egokia emateko 'Eneko' sagardotegia egin zelarik afari gisa, sagardotegiko menua, eta sagardoa kupeletik 'txotx' moduan esateko aukerarekin, Euzko Etxean bertan euskal estiloan egindako sagardoa lagun.

Jarraian, atzoko eguneko argazki batzuk eta 2023ko Euskal Aste Nazioaleko gaurtik igandera arteko programa eguneratua. Gogora dezagun, berritasunen artean, gaur arratsaldean Simposium moduko bat antolatu duela euskal etxe necocheatarrean 13:00etan hasita, partaide direla Estatu Batuetako NABO federazioko lehendakari Jean Flesher, Uruguaiko FIVUko lehendakari Luis Pedro Arin eta Argentina bertako FIVUko lehendakari Arantxa Anitua, Eusko Jaurlaritzako, Etxepare Euskal Institutuko eta Euskal Herri, Argentina eta Necocheako beste zenbait hizlarirekin batera. Ikus hemen Simposiumeko programa.

(astelehenetik aurrera, Necocheako Euskal Asteko kronika irudiduna. On egin!)


Aukeran taldeko Edu Muruamendiarazek dantza klase magistrala eman zuen ostegun arratsaldean


Euzko Etxeko kantxan baita ere, Aukeranek 'Maurizia naz' ikuskizuna eskaini zuen, arrakasta handiz


Tradizioaren Egunarekin bat eginez, programak keinua egin nahi izan zion dantza argentinarrari ere


Eta Euzko Etxekoek berek euskal moldean egindako sagardoa Txotx erara, 'Made in Necochea'


Bertan ziren musikariek jendea dantzan jarri zuten, asteburuko hitzordu trinkoa iragarriz

Azaroaren 10a, ostirala
- 08etan Harrera ordezkaritzei, gosaria eta akreditazioak
- 12etan Ordezkaritzen bazkaria
- 15etan “Euskal diasporan esperientziak partekatzen” Jardunaldia.
- 15etan Jolasak hondartzan / Miguel Lillon Parkean
- 17etan Euskal Etxeetako Abesbatzen emanaldiak Santa María del Carmen Parrokian
- 20etan Gaualdia: Aukeran Dantza Konpainiak Paris Antzokian “MIGRATZAILEAK” ikuskizuna aurkeztuko du
- 22etan Ordezkaritzen afaria. Erromeria, Laiotz Taldearen musika lagun

Azaroaren 11, larunbata
- 08etan Harrera ordezkaritzei, gosaria eta akreditazioak
- 09:30etan Euskal Etxeetako liburuzainen bilera
- 09:30etan FEVA bilera
- 11etan Dantza taldeetako zuzendarien bilera
- 11:30etan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzen hitzaldia
- 13etan Ordezkaritzekin bazkaria
​- 15etan Mintzodromoa, euskarari eskainitako gune berezitua. Solasak euskaraz
- 17etan Danborrada. Dantzari eta musikarien kalejira. erraldoi eta buruhandiak lagun, Paris Antzokirako bidean
- 19etan  Emanaldi artistikoa Paris Antzokian
- 22etan Ordezkaritzen afaria. Erromeria, Laiotz Taldearen musika lagun

Azaroaren 12a, igandea
- 10etan Meza Nuestra Señora de Nueva Pompeya Parrokian
- 11:30etan Lore-eskaintza ekitaldia Gernikako Haritzaren Kimuaren aurrean
- 12etan Plaza dantzak
- 13:30etan Lagunarteko bazkaria
- 18etan Azken agurra ordezkaritzei



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia