Montevideo, Uruguai. 2018ko lehenengo edizio arrakastatsuari segida emateko ‘Euskaraldia’ izena hartzen duen ariketa soziolinguistikoaren bigarren edizioa aurten, urte amaieran, egingo da, Antolatzaileek azaldu bezala, “Oraingoan gure arteko mugikortasuna eta aurrez-aurre harremantzeko aukerak murriztu badira ere, Euskaraldiaren bigarren edizioak bere bidea darrai eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra egiten segituko dugu". "Argi utzi nahi dugu ariketa sozial polita eginen dugula elkarrekin, gure hizkuntza-ohiturak inarrosi eta hobekuntzak finkatzeko”.
Gogora dezagun ‘Euskaraldia’, euskararen erabilera bultatzeko rol-joko bat dela eta partaideek Ahobizi edo Belarriprest izatea hautatzen dutela, eta euren rola txapa baten bidez adierazten dutela. Bigarren edizioari begira eta “motorrak berotzen hasteko”, aste honetan abiatuta honako proposamena ari da garatzen Etxealditik Euskaraldira izenpean:
Etxealditik Euskaraldira
2020ko Euskaraldia prestatzen hasteko hiru faseko ekimen bati eman zitzaion hasiera joan den astelehenean. Proposamena “bizi dugun egoera ezohiko honetan, etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbita” da. Ekimenak bi helburu nagusi ditu: hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak edo proposamenak eskainiz.
Lehenengo fasea joan den astelehenean, apirilaren 20an egin zen, ekimena aurkeztearekin. Bigarrena, asteartetik atzo arte garatu da, apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa egiteko hainbat ariketa proposatuz. Azkenik, hirugarren fasea gaur hasi da, eta apirilaren 24tik 30era luzatuko da. Ekintzak sare sozialetan garatuko dira eta asmoa da eguneroko bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko eta bakoitzak praktikan ezartzeko ariketa proposamenak zabaltzea. Iniziatiba, maiatzaren 3an antolatuko den hitzordu birtual eta kolektibo batekin itxiko da.
Bistan denez, oso erraza izango da Diasporatik ere parte hartzea, proposamenak Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko baitira. Parte hartu nahi duenak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sarera partekatzera animatuko du ekimenak. Denek denen berri izateko, @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira hashtag-a erabili behar dira.
Euskaraldia Facebook-en, Instagram-en, Twitter-en
www.euskaraldia.eus