Donostia-San Sebastian. Gaur abuztuaren 15a jai da, Euskal Herriko leku askotan herriko jaiak, Andre Dena Maria edo Ama Birjinaren jai egun tradizionala, eta Donostian, adibidez, joan den larunbatean abiatu zen bederatzi jai-eguneko Aste Nagusiko egun handia. Diasporan, esaterako, euskal festak Wyoming-eko Buffalon —ospakizuna joan den larunbatera pasatu bada ere— eta St Pierre eta Mikelunen, adibidez, gaur hasiko dira astebeteko euskal festak, euskal musika, janaria, kirolak, jokoak eta abarrekin.
Hego hemisferioan, nagu gorrian egonik ere —Buenos Airesen konparazio—, prestatzen ari dira hiriburuko Euskaltzaleak elkartekoak datorren larunbatean Trikipoteoa egiteko San Telmo auzoko kaleetan barrena. Eta larunbatean bertan, baina Kaliforniako Susanvillen, urteroko Picon Open golf txapelketa egingo dute, bertako Euskaldunak elkartea antolatzaile, etekinak euskal etxearen alde. Igandean, berriz, Argentinara itzulita, Loiolako San Ignazio ospatzeko elkarretaratzea egingo dute Cañuelaseko Denak Bat euskal etxekoek, bazkari batez, abesbatzak eta dantza taldekoak partaide,
Koru topaketa joan den igandean Canuelasko Denak Bat Euskal Etxean
Festak nonahi Euskal Herrian
Asteburu osoan, urrian Macachinen egingo den Argentinako Euskal Aste Nazionalari begira, euskal musikarien topaketa nazionalaren bigarren bilkura egingo da abuztuaren 20 eta 21ean, Euzko Alkartasuna elkarte antolatzaileko Gure Ametza dantza taldearen urteurrena ere ospatuz, antolaketa eta prestakuntza lanak eta dantza egitea bateratuz.
Bitartean, Euskal Herrian, artikulu honen hastapenean aipatu dugu gaur dela joan den larunbatean abiatu zen Donostiako Aste Nagusiko egun nagusia, baina egiazki hamaika dira euren herriko festetan diren Euskal Herriko hiri, herri eta auzoak. Ezin hemen guztiak aipatu, baino bat behintzat aipatuko dugu, gainerakoen ordezkari: Donibane Garazi. Bertakoei, Euskal Herri eta Diaspora osoko lagun guztiei, jai giroan direnei eta ez direnei, egun ederrak ospatzeko agiantza eta desio zintzoa!
Sonia eta Tony
Eta Abuztuaren 15eko lerro labur hauek egoki bukatzearren, Zorion beroak larunbatean Idahoko Gooding-en ezkondu ziren eta euskal festa eder batekin ospatu zuten Sonia Castañon eta Tony Barajas gazte utah-tarrei. Sonia NABOko euskara teknikaria da eta Tony dantzari eta triskalaria, biak Utako Euskal Etxeko kideak. Besarkada biei, eta euren guraso, anaia-arreba, familiako eta lagun ugariei [eta zorionak baita aurreko asteburuan ezkondu ziren Susanvilleko Euskaldunak-eko Jean eta Whitney Goñi-ri ere].