euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur inauguratuko dute Homedalen (Idaho, AEB) bertako Euskal Etxearen eraikina, asteburu osoko ekintzez

2007/06/16

Homedaleko euskal etxea eraikuntza prozesuko une batean (argazkia HomedaleBC)
Homedaleko euskal etxea eraikuntza prozesuko une batean (argazkia HomedaleBC)

PUBLIZITATEA

Idahoko Homedale herriak bere Euskal Etxearen egoitza inauguratuko du gaur, bi urte inguru iraun duten eraikitze lanak bukatu eta gero. Txoko Ona Basque Clubaren egoitza izango dena 700 metro karratuko etxea da eta bertan hasiak dira jada euskarako klaseak eta beste jarduerak egiten. Gaur hasiko den irekiera ofizialean 250 bazkide eta lagun bildukodira, herrikoak zein inguruetako euskal etxeetatik etorriak. Izan ere jai handia izango da AEBetako mendebaldeko euskal komunitate osoarentzat.
Idahoko Homedale herrian bizi diren euskalamerikarrek egun handia biziko dute gaur, euren euskal etxearen egoitzaren inaugurazioarekin. Egoitzaren eraikuntza erronka handia izan da eta azken bi urteetan gogor jardun dira horretan elkarteko kideak. Eraikuntzaren ekimena gidatu duen batzordea John Lejardi, elkarteko lehendakariak, Danny Urangak, Ben Badiolak, John Badiolak, Ric Uriak, Roman Usabelek eta Stan Zaticak osatu dute.

Inaugurazioa gaur arratsaldeko lauetan hasiko da, Euskal Etxearen eskaintza eta afari eta dantzaldi batekin. Bihar goizeko 10etan aita Martxel Tillousek meza emango du eta jarraian 'karrokanpo' desfile bat egingo da herriko kaleetan zehar. Eguerdian elkarteko kide eta lagunak euskalamerikar erako bazkaria egingo dute eta arratsaldean musika eta dantza erakustaldiak gauzatuko dira Oinkari, Herribatza Dantzariak eta Txantxangorriak taldeen eskutik. Igandean zehar egingo diren beste ekitaldiak artzain txakur lehiaketa, haurren kantaldia eta harrijasotzaileen lehia izango dira.

'250 bat lagun biltzea espero dugu', azaldu diote BasqueHeritage.com-i John eta Gloria Lejardik. 'Musikari batzuk Boisetik datoz: Patty Miller, David Lachiondo, Morrie Berriochoa, Mari Murelaga, Dan Ansotegui eta Patxi Kerns; eta beste batzuk Homedale bertakoak dira: Ray, Anne Marie eta P.J. Mansisidor. Ray, Anne Marie eta P.J.-ren aita da', argitzen dute. Inguruetako euskal etxeetako lagunak ez dira faltako eta NABOren ordezkaritza bat ere bertan izango da: Mary Gaztambide lehendakaria eta Grace Mainvil diruzaina.


Lotura interesgarriak

Txoko Ona Basque Club, Homedale, ID
www.txokoona.org

Txoko Ona dedicates new Basque Center
www.idahopress.com

Basque culture spreading in Idaho
seattletimes.nwsource.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia