Joan den larunbatetik abiatuta, aste osoan aritu dira Kubako Habanan "Asociación Vasco Navarra de Beneficencia" (eurek euskaraz erabiltzen duten izenez 'Habanako Ongintza Elkartea') edo maizago Kubako edo Habanako Euskal Etxea izen laburrago eta xinpleagoekin ezagunagoa den euskal erakundekoek, euren elkartearen 140. urteurrena ospatzeko egitaraua gauzatzen. Gaurtik aurrera, azken hiru egunei ekingo diete, igandean euskal-kubatar senidetasun batekin bukatzeko.
Habana, Kuba. Datorren astean helduko diogu zabalago gaiari, baina esan dezagun oraingoz, joan den larunbatean eman zitzaiola hasiera 1877an sorturik munduko euskal etxe zaharrenetako den "Asociacion Vasco Navarra de Beneficencia de La Habana" izeneko euskal elkartearen 140. urteurrena ospatzeko antolatutako Euskal Asteari, gaur egun gehienetan Kubako edo Habanako Euskal Etxea izenaz ezagunagoa den elkarte honen jendaurreko programa publiko osatuari.
Joan den asteko larunbatean izan ere, "Euskal Presentzia Kuban, horren adierazgarri diren irudiak" argazki-erakusketaren abiatu zen egitaraua, Habana Zaharrean, eta egun berean eman zitzaion hasiera aste osoan zehar garatu den Euskal Zinema Zikloari, horretan laguntzaile izan direla Buenos Airestik etorritako 'Euskal Zine Ibiltaria' ekimen euskal-argentinarreko arduradun diren Carlos Gabilondo eta Norma Carrizo bikotea. Norma Carrizok izan ere Agurra ere dantzatu du ekitaldiotan, honela ere Diasporako beste herrialde batetik ekarri berezia eginez ospakizun ekitaldiei.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, asteazkenetik aurrera Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk eta bere bulegoko Andoni Martin teknikariak bat egin zuten ekitaldiekin, eta halaxe segituko dute egiten asteburu osoko hitzorduekin. Gaur, programak bidaia biltzen du Guayabita del Pinar-era, Garay anaiek sortu zuten ron fabrika bisitatzera, eta elkarretaratzea Rogelio Ortuzar habanero sarituarekin. Bihar, hitzaldia Habanako Tenpletearen eta Gernikako Arbolarenaren parekotasunez, Felix Julio San Geronimo Ikastetxe Unibertsitateko dekano-ordeak emana; eta zine saioetako azkena, Asier ETA biok filma emanez; igandean aipatu euskal-kubatar senidetasun agur bazkariarekin bururatzeko.