euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur hasita eta datorren abenduaren 3ra arte, 'Gerora' Elkarteak Euskara Astea ospatuko du Cordoban

2010/11/26

Cordobako 'Gerora' Euskal Kultur Elkarteko logoa
Cordobako 'Gerora' Euskal Kultur Elkarteko logoa

PUBLIZITATEA

Duela hilabete gutxi Argentinako Cordoban sortua den 'Gerora' Kultur Elkarteak mota askotako ekintzak antolatu ditu gaurtik aurrera Euskararen Astea ospatzeko. Historia, musika, dantza, antzerkia, jolasak, sukaldaritza, olerkiak eta zinemaren bidez, Euskal Herriko hizkuntza ezagutarazteko asmoa dute proposamen antolatzaileek. Astebeteko egitaraua gaur arratsaldean bertan hasiko da eta San Frantzisko Xabier eta Euskararen Nazioarteko Egunera arte, esan nahi baita abenduaren 3ra arte luzatuko da.

Cordoba, Argentina. Cordobako 'Gerora' Kultur Elkartea antolatzaile, eta laguntzaile elkarte honekin batera mugitzen diren euskal talde guztiak, hala nola 'Cordobako Euskara Taldeak', 'Txot' Dantza Talde, 'Baietz' Musika Talde, 'Dantza Tailerrak', 'Musika Tailerrak', 'Hitza' abesbatza, 'Cordobako Euskal Kultur Taldea, 'Euskal Herriari buruzko hausnarketak egiteko taldea', 'Cordobako Txikien Taldea' eta 'Euskal Sukaldaritza', ospatuko da Cordoba hirian Euskararen Astea. "Cordoban euskaraz ere  bai!" lelopean, gaur bertan ekingo diete ekintzei elkarte berriko kide eta lagunek. Hona hemen aste osoko egitaraua:

Ostirala, Azaroaren 26ean

Fernando Zabalza irakaslearen "Bat-Bi-Hiru Txistu" izeneko hitzaldi-kontzertua. Txistuaren tradizio eta gaur egungo estetikei buruz mintzatuko da Zabalza. Errepertorioan zehar, Baztango ohiko obrak, txistu taldeen piezak, Argentinako folklorea eta 'Bilera Sekretua' Agustin Alonso musikagile cordobatarraren lan berria entzun ahal izango dira. Non eta Noiz: La Fábrica Kultur Gunean, Caseros 998, iluntzeko 8etan.

Larunbata, Azaroaren 27an

Mikel Ezkerro irakaslearen 'Euskal Kultura Argentinako ikuspuntutik' delako hitzaldia. Non eta Noiz: Asociación Gremial del Poder Judicial Aretoan, Duarte Kiros 395, 1º solairuan, arratsaldeko 7etan.

Igandea, Azaroaren 28an

'Euskara jalgi adi plazara!': Cordobako Txikien Taldea arduradun, euskararen inguruko hainbat kanpo ekintza egingo dira, tartean, jolasak, abestiak eta dantzak. Txikiei eta familiei zuzenduta dago proposamena. Non eta Noiz: Alta Cordoba Plaza (Rivadavia Plaza), Mariano Fragueiro eta Baigorri kaleetan, arratsaldeko 5etan.

Astelehena, Azaroaren 29an

'Sutondo Euskal Sukaldaritza Taldea'ren lehenengo topaketa. Arlo askotako adituek osatzen dute 'Sutondo taldea'. Haien proposamena, euskara, historia, linguistika, antropologia eta sukaldaritza bera batzea da. Lehenengo bilera honetan 2011. urteko plangintza aurkeztuko da. Bide batez, 'Zazpi Jaki' plateraz ere gozatu ahal izango da Euskararen Astean. Non eta Noiz: Uspallata 115, iluntzeko 7etan.

Asteartea, Azaroaren 30ean

Zinema Euskaraz, musika eta txalapartari buruzko Nömadak TX dokumentalaren proiekzioa. Non eta Noiz: Atahualpa Resto Tabernan, Del Campillo 16, Cofico Auzoan, iluntzeko 7etan.

Asteazkena, Abenduaren 1ean

Olerki eguna. Euskaldunek, euskara ikasleek eta poesia zaleek Etxepare, Aresti, Lizardi, Lauaxeta, Elizanburu, Lete, Uribe, Atxaga, Gandiaga eta Sarrionandiaren olerkiak irakurriko dituzte. Non eta Noiz: Uspallata 115, arratsaldeko 7etan.

Osteguna, Abenduaren 2an

'Txotx' Dantza Taldearen emanaldia. Txiki, ertain eta helduek dantza tradizionalak eta koreografia berriak aurkeztuko dituzte. Non eta Noiz: La Fábrica Kultur Gunean, Caseros 998, gaueko 9etan.

Ostirala, Abenduaren 3an

Euskararen Eguneko erromeria. Dantza, musika, kultura, sukaldaritza eta euskara taldeek hartuko dute parte. Ospakizun honekin, 'Gerora' Elkarteko kideek Euskal Herriarekiko eta bere hizkuntzarekiko engaiamendua sendotzeko aukera eman nahi diete partaide guztiei. Non eta Noiz: Club Social, Fragueiro 1936, Alta Cordoba-n, gaueko 9etan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia