euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur hasiko dira Sanferminak Iruñan, txupinazoarekin, eta aurki Diaspora osora zabalduko dira

2016/07/06

Iruñeko Udaletxearen plaza gorriz jantziko da gaur eguerdian txupinazoarentzako
Iruñeko Udaletxearen plaza gorriz jantziko da gaur eguerdian txupinazoarentzako

PUBLIZITATEA

Iruñeak gaur eguerdiko hamabietan abiatuko ditu 2016ko San Fermin jaiak, urtero legez, txupinazoaren eztandarekin. Festak hiriko kaleak hartuko ditu eta astebetez kolore zuri eta gorriak nagusi izango dira. Datozen egunetan jaia Diasporako beste puntu askotara zabalduko da: Argentinako makina bat euskal etxe, Shanghai, Londres, Boise... Hona hitzordu horietako batzuk.

Iruñea-Pamplona. Dena prest dago Iruñeko Udaletxearen plazan 2016ko Sanferminei hasiera emango dien txupinazoarentzako. Lesakak eta Euskal Herriko beste zenbait herrik ere bat egingo dute festerekin, eta halaxe egingo dute ere Diasporako euskal etxea askok.

Shanghai-n esaterako, bertako euskal etxeak bazkideei deia egin die larunbaterako, uztailaren 9rako. Elkarteak bat egingo du La Bota jatetxean egingo den bazkaria eta festarekin.

Egun berean, baina Boisen, AEBetan, Idahoko euskaldunek "Entzierroa" egingo dute, baina zezenik gabea. Taldea Euskal Etxean bilduko da eta handik inguruko tabernatan barrena poteoa egingo du, eta "Running of the Bars" izena jarri diote! Antolatzaileen esanetan jokoak egingo dituzte eta ondo pasatzeko aukera bikaina izango da.  Festan bildutako dirua Boiseko Ikastolarentzat eta Basque Museum and Cultural Center-entzat izango da.

Londresen London Basque Society elkarteak ere "entzierroa" egingo du, ohitura bihurtu den ideiari jarraipena emanez. Egiazko zezenik ez da egongo, baina partehartzaileek gezurreko zezen baten aurrean korrika egingo dute. Ondoren, poteoa egingo dute Oxford House egoitzatik Hackneyko London Fields parkeraino eta han piknika gauzatuko dute, euskal janari, musika eta jokoekin.

Festa hauez gain, Argentinako euskal etxeetan makina bat jarduera ari dira antolatzen. Horien berri, gertatutakoan, datorren astetik aurrera emango dugu. Eta horrez gain, beste euskal etxeren batean egiten den San Fermin festa baten berri baduzu, datuak pasatzeko gonbitea luzatzen dizugu (idatzi behean, iruzkinetan, edo bidali e-maila info@euskalkultura.com helbidera.

Eskerrik asko eta Gora San Fermin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia