euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur hasiko da Uruguayko Carmelon 'Eusko Jaia'ren III edizioa, FIVUk eta bertako Euskal Etxeak antolaturik

2007/04/20

Uruguaiko III 'Eusko Jaia' iragartzen duen afitxa, Colonia departamentuko Carmelo herrian
Uruguaiko III 'Eusko Jaia' iragartzen duen afitxa, Colonia departamentuko Carmelo herrian

PUBLIZITATEA

Gaur arratsaldean hasiko da Uruguayko Carmelo herrian, Coloniako departamentuan, 'Eusko Jaia' izeneko ospakizuna, FIVUren babespean urtero leku diferente batean antolatzen den euskal festa berezi uruguaiarra. Iazko Montevideoko 'Haize Hegoa'ri, Carmeloko 'Ibai Ondoko Euskal Etxea'k hartu dio aurtengoan lekukoa. Carmelo bertako, Rosarioko eta Montevideoko euskal dantza taldeez gain, Argentinako Maipúkoa ere arituko da, euskal musika, kantu eta jaiarekin batera osagai uruguaiar polita bilduko duen asteburuan, besteak beste Larbanois-Carrero bikote famatuaren eskutik.
Euskal hitzorduak Carmelo aldera darama asteburu honetan Uruguaien. Montevideotik 160 bat kilometro mendebaldera dagoen herri honetako 'Ibai Ondoko' Euskal Etxeak, FIVU edo Euskal Etxe Uruguaiarren Federazioarekin batera, gaur arratsaldetik iganderainoko programa osatua antolatu du datozen egunetarako eta euskal jatorrizko zein edozein jatorrizko uruguaiarrak eta bisitariak deitu ditu bertara bil daitezen.

Hitzorduaren erakustaldiei dagokienez, Carmeloko Nazioen Plaza eta Independentziaren Plaza hartuko dute agertoki. Bihar larunbata, arratsaldeko zazpietatik aurrera, euskal dantza exhibizioak eskainiko dira horietako lehenean, Carmelo bertako dantzarien, Rosario 'Gure Etxea'koen eta Montevideoko Haize Hegoako 'Eusko Indarra'koen eskutik, batetik; eta baita Argentinako Buenos Aires probintziatik heldutako Maipú-ko 'Anaitasuna' Euskal Etxeko dantza taldekideen eskutik ere.

Euskal eta uruguaiar artistak

Horien ondotik eta leku berean Larbanois-Carrero gitarra-ahots bikote aipatuaren emanaldiak hartuko du lekukoa. Nazioartean ibilitako bikote hau arras ezagutua da Uruguain, eta nazioartean ere ibilitakoak dira Argentinan, Brasilen, Estatu Batuetan, Soviet Batasun ohian, Australian, Zeelanda Berrian... eta hogeita bist urtetik gorako grabaketa sorta daukate plazaratua herrialde horietako batzuetan.

Igandean, berriz, dantza erakustaldiak Independentziaren plazara aldatuko dira eta bertan eskainiko goizeko hamaiketatik aurrera. Asteburu osoan erabat aktibo ibiliko da, bestalde, 'Ibai Ondoko Euskal Etxea'ren egoitza, abegikortasun karmeldarra agerian ipiniz eta euskal janari eta eskaintzak eginez ugariak espero diren hurbileko eta urruneko lagun eta bisitariei oro har.


Lotura interesgarriak

Iazko 'Eusko Jaia'ren balantzea, Montevideon
EuskalkalKultura.com-en 2007ko maiatzaren 5ean argitara emana

II. Eusko Jaiaren hasiera 2006an
EuskalKultura.com-en 2006ko apirilaren 21ean argitara emana

Larbanois-Carrero musikari bikotea, kantu gitarduna
www.musicauruguay.com-en barnean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia