euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur hasiko da Gasteizen Kobeko Unibertsitateak eta EHUk antolatu duten euskal eta japoniar topaketa

2007/09/17

Japonian ere euskal sokatiraren antzekoa egiten dute
Japonian ere euskal sokatiraren antzekoa egiten dute

PUBLIZITATEA

Gasteizeko Estadio Fundazioaren egoitzak hartzen du aste honetan zehar egingo den I. Mintegi Zientifikoa, EHUk eta Kobeko Unibertsitateajk antolatuta. 'Erritoak, Jokoak, Jolasak eta Kirola Ekialde eta Mendebaldean: Zerua eta Lurra' da mintegiaren izenburua eta bertan euskal eta japoniar kulturek kirolari buruz dituzten ikuspuntu et aohiturak aztertuko dituzte. Topaketak bi unibertsitateen arteko elkarlanerako lehen pausu bat dira. Mintegiaren arduradunetako bat Joseba Etxebeste (EHU) da, aurreko edizioetan Gaztemundu programako irakasle izan dena.
Japoniako Kobe hiriko Unibertsitateko ordezakritza bat Euskal Herrian da joan den ostiralaz geroztik, EHUk gonbidatuta. Japoniar adituek bi unibertsitateok gaurtik eta osteguneraino Gasteizen egingo duten I. Mintegi Zientifikoan hartuko dute parte. Jardunaldion gai nagusia 'Erritoak, Jokoak, Jolasak eta Kirola Ekialde eta Mendebaldean: Zerua eta Lurra' da.

Euskadi eta Japoniaren arteko topaketa akademiko hau egiteko ideia Kazuyuku Taketani eta Joseba Etxebeste ikertzaileen elkar-lana gauzatu ahala sortu zen, praktika fisiko, joko, jolas eta kirolak haien kultura-testuinguruetan aztertzen dituen arloari buruzko ikerketaren esperientzia akademikoak eta hainbat ikuspegi elkartrukatzeko asmoz. UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateak eta Kobeko udal unibertsitateko Atzerriko Ikasketen Fakultateak, beregain hartu dute mintegi-egitasmo hau beraien arteko harremanak sakontzeko lehen urrats gisa.

Euskal japoniar lankidetza

Kazuyuki Taketani Kobeko udal unibertsitatean Atzerriko Ikasketen Fakultateko Antropologia eta Kirolaren historia irakaslea eta ikertzailea da. Kultura eta kirolaren arteko harremana aztertu du, bereziki, Japoniako eta Euskadiko joko, jolas eta kirol tradizionaletan sakonduz. 1985ean ekin zien lehenengoz euskal kulturari buruzko landa-lanei, eta ondokoetan ezarri zuen arreta: herri kirolak, traineru-estropadak eta pilota. Japoniako Kirolaren Historiaren Elkarteko idazkaria izan da eta Japoniako Kirolaren Antropologia Elkarteko kide aktiboa da.

Bestalde, Joseba Etxebeste UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea da eta Parisko Sorbona unibertsitateko doktorea. Bere ikerketen ardatza kirol-jokoek gazteen gizarteratzean duten ekarpena izan da, batez ere, euskal kultura tradizionalean eta Amerikako Estatu Batuetan. Une honetan, bere fakultateko Akademi Antolakuntzako dekanordea eta 'Ekintza motorra eta gizarte-zientziak' laborategiko zuzendaria da. Taketani eta Etxebeste irakasleak lau urtez (2004-2008) Japoniako gobernuak finantzatzen duen baterako ikerketa batean ari dira lanean, eta haien helburua Euskal Herrian euskal joko, jolas eta kirolak sustatzeko politikak aztertzea da.

EGITARAUA

Astelehena, irailak 17

-18:00-20:00 'Gorputza eta jokabide motorra'. Hizlariak: Masahiro Inagaki (Nippon Sport Science University), XXI. mendeko gorputzari buruzko hausnarketak—Gorputz modernotik gorputz post-modernora eta Pierre Parlebas (Paris V-Sorbona-ko irakasle sariduna), Jokabide motorra, ikuspegi berritzaile bat.

-20:30 Hasiera emate ekitaldia

Asteartea, irailak 18

-9:00-11:00 'Gorputza eta afektibitatea'. Hizlariak: Etsuko Mii (Sugiyama Jogakuen University), Gizakiari eta izaeraren loturari buruz—“Ni” izatea, lotzen diren gauzak, eta Raúl Martinez de Santos (Euskal Herriko Unibertsitatea), Semiotrizitatea: Ikusezina, ikusgarri egiten duen artea.

-11:30-13:30 'Praktika introiektiboak'. Hizlariak: Yoshiaki Matsumoto (Osaka Gakuin University), Gorputza yogan. Gogoetazko teknika fisiko batean gorputzaren azterketa eta Estibaliz Romaratezabala (Euskal Herriko Unibertsitatea), Tai-chia: Ekialdeko jarduera bat Europan.

-15:30-17:30 'Sistema, jokalaria eta pilota jokoak'. Hizlariak: Ikuko Hayashi (Doshisya University), Soft Tennisa praktikatzen duen gorputza; Julen Castellano (Euskal Herriko Unibertsitatea), Joko sistema eta jokalaria eta Oidui Usabiaga (Euskal Herriko Unibertsitatea), Pilota jokoaren sistema.

-18:00-20:00 Praktika: Arnasketa eta Zen.

-20:00-22:00 Praktika: Arabako bolo jokoa.

Asteazkena irailak 19

-9:00-11:00 'Praktika fisikoen aldaketa kulturalak'. Kazuyuki Taketani (Kobe City University of Foreign Studies), Uretan disolbatzen den gorputza - Jacques Mayol eta Clara Urdangarín (Euskal Herriko Unibersitatea), Euskal inmigrazioa Amerikako Estatu Batuetan: Beraien festa eta kirol jokoak.

-11:30-13:30 'Kirol apustuak'. Hizlariak: Yoshiaki Matsui (Nara National College of Technology), Apustua egiten duen gorputza—Animalien arteko borroka eta zuzenbide penala Japonen eta Alfredo López de Sosoaga (Euskal Herriko Unibertsitatea), Apustuak Basarriren idazlaneta.

-15:30-17:30 'Haurtzaroa eta kirol jokoak'. Hizlariak: Hironori Funai (Nagoya Keizai University), Jolastu eta jokatzen duten gorputzak—Ekialdeko eta Mendebaldeko haur jokoen antzekotasun eta desberdintasunak eta Joseba Etxebeste (Euskal Herriko Unibertsitatea), Antzinako jokoak eta sozializazioa Europan: Euskal Herriko gertaera.
-18:00-20:00 Praktika: katana eta Japoniako haur jokoak.

-20:00-22:00 Afari ofiziala.

Osteguna, irailak 20

-9:00-11:00 'Natura jarduera fisikoen eskenatoki'. Hizlariak: Shingo Tagaya (Kobe City University of Foreign Studies), Naturarekin bat egiten duen gorputza: kontenplaziozko Japoniar mendizaletasuna eta Asier Oiarbide (Euskal Herriko Unibertsitatea), Naturako jarduerak: mendiko zeharkaldiak.

-11:30-12:30 Amaiera hitzaldia. Hizlaria: Tsuneo Sogawa (Waseda University), Kirol antropologiaren egungo egoera eta etorkizunerako ikuspegiak.

-12:30- 13:30 Ondorioak eta amaiera ekitaldia.





Lotura interesgarriak

Euskal Herriko Unibertsitatea
www.ehu.es

Kobeko Unibertsitatea, Japonia
www.kobe-u.ac.jp

Gaztemunduko 'Jokoa eta Jolasa' liburu eta DVDa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko uztailaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia