euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur goizean egingo dira Boisen Pete Cenarrusaren aldeko elizkizunak eta bihar ehortziko dute

2013/10/04

Pete Cenarrusaren zerraldoa atzo Idahoko Kapitoliora iritsi zeneko unea, bertan hil kapera ezartzeko
Pete Cenarrusaren zerraldoa atzo Idahoko Kapitoliora iritsi zeneko unea, bertan hil kapera ezartzeko

PUBLIZITATEA

Aste hau Pete Cenarrusaren oroiz eta hari azken agurra emateko ekitaldiek ukitua ari da bizitzen Boisen. 95 urte zeuzkan eta edozein momentuan espero zitekeen bere heriotza, baina Pete Cenarrusa bakarra izan da bertako historian amerikanoei zein euskaldunei dagokienez, ez baita erraz berriz ere topatuko bertako gizarte amerikarra eta aldi berean euskaldunak hain ongi ordezkatuko dituen inor aurkitzea. Atzo bere gorpua Idahoko Kapitolioan bisitagai egon ondoren, bere aldeko elizkizunak gaur goizean egingo dira eta bihar ehortziko dute Boiseko Bellevue hilerrian.

Boise, Estatu Batuak. Idahoko politika munduan zerbitzu publikoan hautetsi gisa gehien egon den pertsona izan da Pete Cenarrusa, baita Estatu Batuetan estatu-idazkari luzeen egon dena. Joan den igandean hil zen Boisen 95 urte zituela eta bera ohoratzeko ekitaldiak asteazkenean hasi ziren, Boiseko funeraletxe batean berari errespetua erakusteko aukerarekin eta atzo goizean jarraitu, Idahoko Kapitolioan, familia, agintariak eta lagunak bildu zituen oroitzapen eta omenezko ekitaldi batekin, gorpua bertan zela. Hor arratsaldeko seiak arte egon zen hil-kapera.

Freda alarguna eta agintari eta lagunekin batera, leku berezia izan du ekitaldiotan Eusko Jaurlaritzaren izenean bertara New Yorketik bildutako Euskadiren Ordezkari Ander Caballero Barturenek. Halaxe izan zen baita ere Kapitolioan, non hitz batzuk esan zituen atrilean, bertaratutakoei Urkullu lehendakariaren agurra eta doluminak ekarriz.

2013 cenarrusaren heriotzean 01

[Pete Cenarrusaren erretratua Kapitolioaren erdiguneko sarreran, hil-kaperarako sarreran]

2013 cenarrusaren heriotzean 02

[Familia, agintariak eta Idahoko gizarteko ordezkariak Kapitolioko hil-kaperan gorpua bertan eginiko ekitaldian]

2013 cenarrusaren heriotzean 04

[Hitza hartu zutenen artean, Ipar Ameriketarako Euskadiren Ordezkari Ander Caballero Barturen, Eusko Jaurlaritzaren eta lehendakariaren dolumin eta esker oneko mezuen ekarle]

2013 cenarrusaren heriotzean 05

[Ander Caballero Euskadiren Ordezkaria Freda Pete Cenarrusaren alargunarekin hizketan]

2013 cenarrusaren heriotzean 06

[Zerraldoaren gainean ohorezko lekuan Eusko Jaurlaritzak bidalitako lore-koroa ezarri zuten. Eusko Jaurlaritzari oso atxikia zen Pete Cenarrusa]

2013 cenarrusaren heriotzean 07

[Tratamendu eta ohore instituzional eta militarrak jaso zituen gorpuak, Kapitolioko leku hautu batean ipinitako hil-kaperan]

2013 cenarrusaren heriotzean 08

[Idahoko Kapitolioan bandera guztiak masta erdian, Pete Cenarrusaren oroiz eta ohoretan. 53 urtez izan zen Cenarrusa bertan hautetsi, horietatik 36 estatu-idazkari, eta aurretik Ordezkari-Ganberako presidente eta kide]

Cenarrusa "euskal-amerikar, lagun on eta Euskal Herriaren sostengatzaile sutsu eta nekaezin" gisa definitu ostean, Cenarrusa Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanen laguntzaile izan zela esan zuen, eta zubi bat Euskadiren eta Diasporako euskal komunitateen artean, bere galerarekin "Euskadik eta oro har munduko euskaldunek galera handia izan dute"la adieraziz. Esker biziak eman zizkion Caballero Baturenek Cenarrusari, Euskal Herriaren aldeko bere lan eskerga eta engaiamendu handiagatik.

Gaur Saint John katedralean egingo diren elizkizunen ondotik, bihar ehortziko dute Pete Cenarrusaren gorpua Boiseko Bellevue hilerrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia