Buenos Aires, Argentina. Hainbat euskal etxetan astelehenean hasi ziren ekitaldiak Argentinan eta Uruguain. Argentinaren kasuan, Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea, Patagonian, izan zen goiztiarretako bat. Viedma hiriko Cagliero aretoan, Gernika pelikula proiektatu eta Bonbardaketari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen eskualdeko Euskal Etxeak.
Uruguain, Aldaxka Kultur Biltzarrak Errepublikako Unibertsitateko Humanitate Fakultatean antolatutako aktibitateak ere astelehenean hasi ziren, eta oihartzun handia lortu dute hedabideetan. ‘Gernika oroituz, 80 urte: euskal begirada bat Uruguaitik’ erakustaldiak, euskara, historia, olerkaritza eta plastika batzen saiatu da eta apirilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da Uibertsitatean, goizeko 8etatik gaueko 10:30etara. Erakustaldiko ekintza nagusia, baina, gaur izango da, Fakultateko eta Aldaxka Biltzarreko ordezkariak partaide. Ekitaldian, Bernard Manciet olerkari okzitaniarraren “Gernikarena” poesia irakurriko da.
Uruguaitik atera gabe, FIVU Federazioak eta Euskaro eta Haize Hegoa Euskal Etxeek zeremonia bat egingo dute datorren igandean, goizeko 11etan, Montevideoko Gernika Plazan. Bertan Ohorezko Aurresku bat dantzatuko da Arbolaren aurrean eta Julio Poittevin Gilmetek hitz batzuk zuzenduko dizkie bildutakoei, lore sorta bat utziz kimuaren oinarrian. Doazenei, bertan 70 urte dituen Gernikako Arbolaren kimuaren ezkurrak banatu zaizkie.
Ekitaldi gehiago gaur
-Arrecifesen, bi ekintza egingo dira. Arratsaldeko 3etan, Plaza Mitren dagoen haritza izango da bilgunea eta horen inguruan elkarturik, adiskidetasun mezu bat irakurri eta aldarrikatuko da. Iluntzeko 8etan, berriz, Koldo Serraren "Gernika" filma proiektatuko dute Euskal Etxean.
-Azulen, arratsaldeko 3:30etan, omenaldia egingo dio euskal kolektibitateak Udal Parkean berdetzen den Gernikako Haritzaren kimuari. Ekimenak maiatzaren 5ean jarraituko du, Euskadiren ordezkari Sara Pagola lagun. Goizeko 10:30etan arbola honen, alegia, Udal Parkean dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren beste kimu bat landatuko da Agronomia Fakultateko Lorategi Botanikoan. Euskal Etxeko Euskal Bihotza abesbatzak ‘Gernikako Arbola’ kantatuko du eta Cesar Arrondo irakasleak hitzaldi bat emango du, dokumental batek lagundurik. Arratsaldeko 7etan, oraingoan Euskal Etxearen egoitzan, berriz mintzatuko da Cesar Arrondo, dokumentala ere emanez.
Gaur Buenos Airesen
Euskal Echea ikastetxean, goizeko 9etan izango da ekitaldia. Federico Ratti irakaslearen hitzen ondoren, ‘Refugios’ izeneko ikus-entzunezkoa proiektatuko da, eskolako dantzariek ‘Aterpe’ koreografia dantzatuko dute eta Martina Zarate ikasleak ‘Gernikako Arbola’ abestuko du. Euskadiren ordezkari Sara Pagola partaide egongo da.
Euskaltzaleak gau-eskola eta euskaltegian, Gernikako Bonbardaketa gaur gaueko 9etan gogoratuko da. Euskaltegiak gonbidaturik, Amalia Labra y Sanzek gerran bizi izan zituen oroitzapenak konpartituko ditu bildutakoekin. Ondoren afaria eskainiko du Euskaltegiak. Omenaldiak ostiralean jarraituko du, iluntzeko 8:30etan. Euskal Zine Zikloan ‘Los niños de Guernica’ dokumentala proiektatuko dute eta filmaren ostean, gerrako haurra izan zen Miren Lopez de Bikuñak bere lekukotasuna emango du Euskaltegiko lagunen aurrean.
Laurak Bat Euskal Etxean, arratsaldeko 7:30etan egingo dute gaur oroitze ekitaldia. “Antzerki zuzendari batek prestatutako ezohiko proposamen batean, testigantzak, musika, dantzak eta irudiak batuko ditugu”, laburbildu digu edukia erakundeko lehendakari Arantxa Anituak.
Lizarraenea osatzen duten Ekin eta Eusketxe elkarteek FEVAk zabaldutako agiria irakurri eta aldarri horrekin bat egiteaz gain, astean zehar emango dituten ohiko euskara klaseetan landuko dute Gernikako sarraskiaren gaia, zenbait materialarekin.
Deialdi gehiago
-Chacon, Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak, Arturo Campion ikasguneak eta Ercilio Castillo Kultur Guneak, 'Gernika: 80. urteurrena’ izeneko jardunaldiak antolatu dituzte. Horien baitan, laburmetraia bat proiektatuko dute eta bi hitzaldi eskainiko: ‘Gernika: hondakinen gainean eraikitako kultura’, Fabio Echarri hizlari; eta ‘Guernica: XX. mendeko Picassoren margolan ezagunena’, Martin Iturrioz hizlari. Aktibitatea, gaur bertan, arratsaldeko 7:30etan, López y Planes kaleko 336. zenbakian.
-Cordoban, Gerora elkartearen eskutik, atzo hasi zen omenaldia, Cesar Arrondoren hitzaldi batekin. Programak gaur jarraituko du, Hizkuntzen Fakultateko B auditoriumean. Arratsaldeko 6etan, ‘Gernika’ laburmetraia proiektatuko da eta Euskal Literaturan Gernika nola agertzen den ikertuko dute Celeste Iturbe eta Rosario Monasterio ikasleek. Euren ekarria egingo dute baita ere, musika eta dantza aldetik, ‘Haize eta Lurra’ txistulari taldeak eta ‘Txotx’-eko dantzariek.
-Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko lagunek ere gaur gogoratuko dute Gernikako Bonbardaketa eta, egin ere, hiriko Manuel Belgrano Plazan egingo dute. Arratsaldeko 2:15etan, FEVAk zabalduko agiria eta ‘Gernika Gogoratuz’ Guneko zuzendaria den Maria Oianguren Idigorasen artikulua irakurriko dituzte. Maiatzaren 7an, berriz, Bonbardaketaren biktimen eta Euskal Etxeko hildako kideen omenezko meza eskainiko dute San Pedro Claver parrokian.
-La Platan, ostera, bertako Euzko Etxeak, La Platako Unibertsitate Nazionaleko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak, CEVA Euskal-Argentinar Ikasketa Zentroak eta Matxin Burdin Liburutegiak honako osagaiak izango dituen ekitaldi programa antolatu dute:
-Bonbardaketari buruzko erakusketaren inaugurazioa, Susana Aramburu arduradun
-Aurreskua (Denak Bat Dantza Taldea)
-Agur Jaunak eta Gernikako Arbola (Euskal Etxeko Abesbatza)
-Blas Oteroren ‘Gernika’ olerkia (Ricardo Ibarlin)
-Aitaren oroitzapenak (Sonia del Amo)
-Bonbardaketari buruzko begirada berriak (Jose Saldias)
-‘Zerutik sua dator’ dokumentala (Carlos Gabilondo eta Judith Martirena)
-Ohorezko ardoa
Aktibitatea Euzko Etxean izango da, arratsaldeko 6etan hasita.
-Paranako Urrundik Euskal Etxean, elkarteko lehendakari ohi Federico Borras abokatuak emango ditu Bonbardaketari buruzko azalpenak eta dokumental bat eskainiko da. Htzordua iluntzeko 8:30etan izango da, Euskal Etxearen egoitzan, España kaleko 430. zenbakian.
-Posadasen, Misiones probintzian, bilera batera deitu dute eta FEVAk zabaldutako agiria irakurriko dute, berau hiriko prentsan argitaratuz, Euskal Jatorri Euskal Etxeko lagunek.
-Villa Marian, gaur iluntzeko 8etan, Santísima Trinidad Parrokian egingo den mezara joateko gonbitea luzatu du Euzko Etxeak. Gernika ardatz izango duen zeremonia zibil ofiziala Euskal Etxean izango da, gaueko 9etan.
-Tres Arroyosen maiatzaren 6an gogoratuko da Bonbardaketaren urteurrena, komunitateari begirako antolatu den ekitaldi batekin. Goizean ‘Gernika’ murala inauguratuko da herriko izen bereko plazan. Arratsaldean, Gernikako Bonbardaketari buruzko hitzaldia eskainiko dute Cesar Arrondok eta etxeko kide den Nora Gimenezek. Arrondok gertakariaren historian sakonduko du eta Gimenezek, berriz, Picasorren lanean. Hitzaldiak bukatuta, afaria eskainiko du Hiru Erreka Euskal Etxeak.