euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur gauean iritsiko dira euskal dantzak 'Mundu Guztia Alta Gracian' jaialdira, Cordobatarrak-en eskutik

2014/02/07

'Mundu Guztia Alta Gracian' jaialdiaren afixa
'Mundu Guztia Alta Gracian' jaialdiaren afixa

PUBLIZITATEA

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, 2014 honetan ere aurkeztuko dira Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko dantzariak Alta Gracia herriko gizataldeen festara. Izan ere, gizatalde azoken eta kultur turismoaren alorrean Argentinako garrantzitsuenetakoa den ekimena da aurten 27 edizio betetzen ari den hau, Cordoba probintziako Alta Graciako herria antolatzaile. Hitzordua gaur da, otsailak 7, eta mugimendu handiko denboraldi baten hasiera bihurtuko da aurten bere 60. urteurrena ospatuko duen Gure Txokoa-ko gazteentzat. Alta Gracian, gaurko egitaraua gaueko 10etan hasiko da eta Cordobatarrak-ekoek jaiaren bi agertokietan dantzatuko dute beste hainbat kolektibitaterekin batera.

Alta Gracia, Argentina. Otsailaren 1ean hasita, bihar arte luzatuko da Cordoba probintziako 'Mundu Guztia Alta Gracian' izeneko kolektibitateen jaia. Ekitaldiaren 27. edizio honetan, eta urtero bezala, Argentina bertako folklorea, mendeetan zehar Argentinara iritsi ziren etorkinen kulturekin nahastuko da, izen handiko talde eta artistak lagun.

Sei koreografia aurkeztuko dituzte gaur gauean Cordobatarrak taldeko kideek Aletxu Lamayer zuzendari, ekitaldiko bi agertokietan. Axera makil, Azken dantza, Urratsak, Arku Mistoak, Fandango eta Arin Arin dantzekin, euskal presentzia bermatuko dute Gure Txokoa-ko neska-mutilek hamabost urtez jarraian, Argentinako Gizataldeen Festa handienetako bat den honetan. Ikuskizuna gaueko 10etan hasiko da, tren geltokiaren esparruan.

Lan, jai eta ospakizun handiko urtea

Hasi berria den urteak aktibitate handiko egunak ekarriko dizkie Gure Txokoa-ko dantzariei. Alde batetik, material berria ari dira prestatzen laster euren www.purevolume.com/Cordobatarrak web orrian zintzilikatzeko. Honekin lotuta, ideiaren sortzaileetakoa izan zen Aletxu Lamayer-ek proiektua martxa onean dabilela adierazi digu: “Oso denbora laburrean –gogora dezagun azaroan jarri zela abian– sei mila inguru erreprodukzio, zazpi mila deskarga eta hamar milatik gora bisita izan ditugu. Ez dago batere gaizki. Sareratuko dugun hurrengo materiala ‘Jauzi’ batzuk batzen dituen album bat izango da. Dena ondo baldin badoa datorren astelehenean egongo da eskuragai”.

Horretaz gain, otsailaren amaieran topaketak eta dirua eskuratzeko beste hainbat ekintza hasiko dira antolatzen Cordobatarrak taldeko lagunak, Cañuelaseko Dantzarien VIII. Topaketan parte hartu ahal izateko. Etorkizunari begira ere, beste zeregin batzuk izango dituzte euskal etxeko gazteek 2014 honen zehar. 60. urtemuga ospatuko du aurten Gure Txokoa erakundeak eta dantzariak ospakizunen erakarpen handienetako bat izango dira ohi bezala. Urteurrenaren egitaraua laster plazaratuko dela jakinarazi digute instituziotik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia