Donostia-San Sebastian. Pandemiak topaketa eta ekitaldi asko zaildu ditu. Baina baita beste elkartze batzuk ahalbidetu ere. Halaxe gertatu da Iñar Sastre (pianoa) eta Jagoba Astiazaran (txistua) musikarien kasuan, pasa den irailean "Arineketan" diskoa argitaratu ondoren, urrats berria eman eta bihar estreinatuko baitute "Belauntxingoa" singlearen bideoa, eurekin batera partaide New Yorkeko (AEB) "Alma" emakumezko ahots hirukotea eta Necocheako (Argentina) Euskal Etxeko “Gazte Alai” dantza taldea.
Arineketan-en, Juan Ignazio Iztueta (1767-1845) folklorista gipuzkoarrak duela bi mende jasotako doinuetatik abiatu eta egungo estiloekin uztartu zituzten, jazza eta popa tartean. Jagobak, New Yorkeko “Alma” hirukoteko Alba Sánchez Torremocha Donostian ezagutu zuen musika konposizioa ikasten, eta proiektu honetan parte hartzera gonbidatu, "Belauntxingoa" bertsiotzera hain zuzen. Estreinekoz euskaraz abesten duen emakume hirukoteak Iztuetak jasotako doinuari bira berria eman eta emaitza bizi eta koloretsua lortzen du.
Baina partaidetza aldetik, proiektua urrutirago ere joan da, Argentinaraino. Izan ere, euskal diasporari keinua eginez, Necocheako Euskal Etxeko “Gazte Alai” dantza taldea gonbidatu zuten “Belauntxingoa” dantzatzera. Taldeko kideek gustura onartu zuten, proiektua beragatik eta momentu egokian etorri zitzaielako, pandemiak ekarritako murrizpen egoera gainditu nahirik.
Munduko hiru puntuok elkartzearen emaitza gaur asteazkena apirilaren 28an estreinatuko duten bideoa da, Dantzaren Nazioarteko Egunaren bezperan, gaueko 9etan, Youtuben, eta munduko edozein tokitatik gozatu ahal izango da ostegunetik aurrera.
Sastrek eta Astiazaranek, Iztuetak dioen bezala, “lurpean, ahaztuta, zahartuta dauden doinuak plazara atera” dituzte, agerian utziz oraindik dantza daitezkeela. Eta geroari begira, oraintxe bertan zaila dela uste duten arren, hiru taldeek aurrez aurre topo egitea gustatuko litzaiekeela aitortu diote EuskalKultura.eus-i, orain arte Internet bidez trukatu dutena areto berean elkarren parean daudela abestu, jo eta dantzatzea.
Estreinaldia: YouTuben, hemen.
Noiz: apirilaren 28an, asteazkena,
Ordua: EHko 21:00etan, Argentinako 16:00etan, New Yorkeko 15:00etan.
-Alma taldearen informazio gehiago