Bilera joan den larunbatean Pasaiako Victor Hugo Museoan, Albaolako ordezkariak eta Euskadiko Gazte Kontseiluko lehendakaria Gaztemunduko 2015eko kideekin, Asier Vallejo Diasporarako zuzendaria ere bertan (argazkia EuskalKultura,com)
Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak antolaturik Gaztemundu 2015 programa irailaren 27-28tik aurrera abiatu zuten hamabost gazteek gaur amaituko dituzte egitarauaren araberako euren saioak, bihartik aurrera Euskal Gizataldeen 6. Mundu-Batzarrera bildurik direlarik. Gogoratu Mundu-Batzarreko saioak asteartea izango dutela harrera eguna eta asteazkenetik ostirala bitartean garatuko direla Gasteizko Montehermoso Jauregian.
Vitoria-Gasteiz. Joan den aste osoan egunero fornakuntza programa trinko bat segitu dute Gaztemundu 2015n parte hartu duten hamabost gazteek. Oroi dezagun gazteak Argentinakoak (11), Uruguaikoak (2), Kolonbia (1) eta Mexikokoak (1) zirela, eta "Kultur Egitasmo Kudeaketa" ikasgai harturik eguneroko saioetan aritu izan direla irailaren 28tik urriaren 2ra, saioen aurreko igandean eta azkeneko asteburuan Euskal Herriko errealitate eta ekimen batzuk dastatzeko aukera izan dutelarik. Gaztemundu programak saio teorikoak eta zenbait lekutara egindako bisitak tartekatu ditu, klaseak goizetan, irteeran arratsaldetan.
Joan den ostiralean "Kultur proiektuen diseinua, planifikazioa eta ebaluazioa" eta "Talde-lana eta lidergoa: Belaunaldi berriak ahalduntzea" gaiak landu ondoren, larunbatean Gipuzkoako Pasaian Albaola Museoa bisitatu, itsas-herri eta eremu horretan ikustaldi gidatua egin eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko buru Itsaso Anduizarekin bildu, solastu eta galdera-saioa gauzatzeko aukera izan zuten. Igandean, aldiz, eurentzako oso esperientzia berria batean parte hartzeko aukera izan zuten, Kilometroak-en parte hartzea Usurbilen.
Gaur astelehena, berriz, formakuntza saio berezi bat izango dute Gasteizen, Lehendakaritzan, bihar bat egin arte Euskal Gizataldeen 6. Mundu-Batzarreko programarekin. Biharkoa Kongresu honen harrera eguna izanik, gaztemundukideek eta Mundu-Batzarreko ordezkariek Gernika bisitatuko dute, Arbola, Juntetxea eta Bakearen Museoa ikusi eta aldi berean Batzarraren aurretik partaideek elkar ezagutzeko parada izan dezaten, Kongresuaren inaugurazio ofiziala asteazkenean hasi aurretik.
Mundu-Batzarraren programaren xehetasunak gaur astelehen arratsaldez emango ditugu eta bihar astearteko buletinean ere aterako dira.