euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Macachingo 'Euzko Alkartasuna' Euskal Etxeak gaur konponduko du bere hotelaren eta langileen egoera

2010/03/26

Macachingo Euzko Alkartasuna hotelaren ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)
Macachingo Euzko Alkartasuna hotelaren ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euzko Alkartasuna erakundeko batzordeak bere gain hartuko ditu gaur izen bereko hotelaren ixtearen ondorioak. Karia horretara, eta 'solidaritateak bultzatuta', zegokien kalte-ordaina ordainduko diela adieraziko die gaur hoteleko zazpi langileei. Euskal etxeko kideek, deliberatzeko egun batzuk hartu ondoren, irtenbide egokiena hau izango zela pentsatu dute, "nahiz eta berez ordainketa hori egitera behartuta ez egon". Gogora dezagun arazoa otsailaren 27an hasi zela, hotel eta jatetxeko langileak bertara heldu eta eraikina itxita harrapatu zutenean. Jabegoa Euskal Etxearena bada ere, kontseziodun batek, Susana Monteagudok, kudeatzen zuen, baina honek nonbait alde egin du kontaktatzeko inongo daturik utzi gabe. Gaur elkartuko dira bi parteen abokatuak eta agiriak sinatu ondoren, kontsezio berri baterako deia egingo dute euskal etxekoek.

Macachin, Argentina. EuskalKultura.com-ek primizian jakin ahal izan duenez, Euzko Alkartasuna hoteleko zazpi langileen abokatua eta Euskal Etxearena gaur bilduko dira, duela hilabete hasi zen gatazkaren behin-betiko irtenbidea sinatzeko. Izan ere, Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak hotelean lan egiten zuten zazpi enplegatuei kalte-ordaina ordaintzeko deliberoa hartu du, berez hotela kontseziodun baten, Susana Monteagudoren, eskuetan bazegoen ere. Euskal instituzioak ordainduko duen diru-kopurua 210.000 peso ingurukoa izango da eta "legeak hori egitera behartzen ez bazuen ere" euskal elkarteko buruzagien ustetan irtenbiderik onena guztientzat hau zelakoan hartu dute erabakia.

Behin langileen egoera bideratu eta gero, Euskal Etxeko kideek hotela zein baldintzatan geratzen den aztertu beharko dute, eta ondoren abian jarri beharko dute berriz ere, kontseziodun berri bat lortzeko deialdia eginik.

Euzko Alkartasuna Hotela

1959. urte hasieran euskaldun talde bat bildu zen Macachinen euskal etxe bat sortzeko asmoarekin; tartean Jose Leon Chapartegui, Felipe Zubizarreta eta Ignacio Garmendia zeuden. Bilera hartan, lehenengo urratsa, egoitza bat izatea izango zela erabaki zuen taldeak eta herrian garrantzi handiko hotelik ez zegoenez, 1964an 'Euzko Alkartasuna' hotelaren eraikuntzarekin hasi ziren. Estreinaldia 1966ko urtarrilaren 22an gauzatu zen eta momentu hartatik aurrera Macachin erdiguneko plaza nagusian kokatzen den instalazio hau erreferentzia leku bihurtu zen euskaldunentzat eta euskaldunak ez zirenentzat, Macanchingoak izan ala ez.

Azken 15 urteetan Susana Monteagudoren kontseziopean egon da hotela. Arazo ekonomikoak pasatzen ari omen zen Monteagudo, eta horrek nonbait hotela ixteko erabakia hartzera bultzatu omen zuen, modurik txarrenean, tupustean, Euskal Etxekoei eta beste inori ere ezer esan gabe, herritik alde eginez, eta langileak kalteordainik gabe kalean utziz. Honen guztiaren aurrean, eta Euskal Etxea eraikinaren jabe izanik, Zuzendaritza Batzordeak egoeraren ardura hartu du; berak kinka txar hau sortu ez badu ere, albotik dauzkan erantzukizunei muzin egin nahi izan gabe egoera aztertu eta langileei zor zaizkienak ordaintzeko erabakia hartu du, ahalik eta lasterren kontseziodun berri bat atxeman eta Macachingo eraikin ikur hau lehen bait lehen abian ipintzeko berriz ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia