euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur arratsaldean ‘Raíces Vascas’ irratsaioa estreinatuko du Argentinan eta sarean La Platako Euzko Etxeak

2016/04/04

Lelio Sanchez, bere bi eginkizuentan: futbol taldeko kideekin eta Unibertsitateko ekintza batean
Lelio Sanchez, bere bi eginkizuentan: futbol taldeko kideekin eta Unibertsitateko ekintza batean

PUBLIZITATEA

Euzko Etxea-ko Itsuen Futbol Taldeko kapitaina eta kazetaritza ikasle den Lelio Sanchez aurkezle, astelehenero emitituko da saioa, 18etatik 19etara, Internetez ere entzun daitekeen Alta Voz irratian. Euskal Etxearen ‘ahotsa’ izango den programak bi gonbidatu berezi izango ditu lehenengo saioan: Jorge Batiz eta Maria Fernanda Astigarraga, erakundeko erreferente nagusietako bi.

La Plata, Argentina. Proiektu polita jarriko du abian gaur La Platako Euzko Etxeak instituzioko kazetaritza bi ikasleren eskutik. Iñaki Agostini Zubillaga lagun, Lelio Sanchez izango da ‘Raíces Vascas’ (Euskal sustraiak) programaren aurkezle eta ekoizlea.

EuskalKultura.com-i euskal etxetik jakinarazi zaionez, “proiektuaren lehentasuna Euskal Etxearen berriak ematea izango da; zabaltzea, alegia, bertan egiten diren ekimenak, non, noiz…" "Atal horretan, beraz, beti izango dugu Euskal Etxeko ordezkari bat, informazioa, iturri zuzen batetik jasotzeko". "Horrekin batera, inguruko hirietako ekintzak ere zabaltzen lagunduko dugu, hala nola, esaterako, datorren maiatzaren 7an hiriburuan egingo den ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdia". "Ordubetean zehar, gainera, euskal musika eta Euskal Herriko politika, ekonomia eta kirol arloetako azken berriak ere eskainiko ditugu”, laburbildu digute.

‘Raíces Vascas’ gaur arratsaldean bertan hasiko da eta astelehenero entzun ahal izango da, 18etatik 19etara, Alta Voz irratian, internetez www.radioaltavoz.com.ar helbidean. Gizarte sareetan ere laster egongo da. Izan ere, Leilo Sanchez eta Iñaki Agostini Zubillaga arduradunek Facebookeko Fan Page eta Twitter kontua saioaren edukiak aurreratzeko erabiliko dituzte, eta baita, behin programa bukatuta, bertara igotzeko ere.

Saioak astero Euskal Etxeko ordezkariak errezibituko baditu, gaurkoan, estreinukoan, Jorge Batiz eta Maria Fernanda Astigarra izango dira gonbidatuak. Jorge Batiz Zuzendaritza Batzordeko kide izateaz gain, dantzari eta dantza irakaslea izan da eta gaur egun pilotari eta muslari segitzen du. Maria Fernanda ere Etxeko oso kide aktiboa da: batzordekide, aktibitate batzuetako erreferentea eta muslaria. “Asko dakite biek instituzioari buruz eta oso pertsona aproposak dira entzuleei gure Euskal Etxea aurkezteko”, adierazi dute ‘Raíces Vascas’eko arduradunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia